Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Bilbaina Jazz Club

2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Ostegun gau bat Bilbon. Musika jale amorratu batek badaki kontzertu baten bila joan nahi badu, agendan begiratu eta hainbat eta hainbat aukera izango dituela eskura. Estilo askotako zuzenekoak izango ditu gozatzeko. Jazza entzun nahi izanez gero, ordea, aukera dexente murrizten zaio, edo zehatzago esanda, aukera bakarrera mugatzen zaio hautaketa. Bilbaina Jazz Club. Konde Duke hoteleko aretoan, itsasadarraren ertzean, astero-astero ostegun gauez kontzertuak antolatzen dituen kultur elkartea —hilean behin BBK Aretora lekualdatzen dira emanaldiak—.

Egin proba. Ez da derrigorrez jazz zale amorratua izan behar. Jazzaren harmonia eta erritmoetara ohitu gabeko belarriak badituzu, agian hobe. Hasiberri batentzat ziurrenik esperientzia aberasgarriagoa izango da. Edozein ostegunetan programazioari begiratu ere egin gabe, joan kontzertu horietako batera. Hamabi euro ordaindu eta ordubete, bi orduko saioaren ondoren, ahoan irribarre batekin itzuliko zara etxera. Agian behin baino gehiagotan, oholtza gainekoak ezezagunak izango zaizkizu. Hori gertatuz gero, hartu gero denbora Interneten musikarien inguruan ikertzeko. Ohartuko zara nazioartean puntan dabiltzan izenak direla, euskal herritar dexente tartean, baina hemen errekonozimentu gutxi dutenak. Musika estilo minoritarioa izatearen ajeak.

Aste honetan, ordea, #SOSBJC kanpaina jarri du abian Bilbaina Jazz Club kultur elkarteak. Adierazi dutenez, 27 urteko ibilbideko unerik onenean daude, urteko 7.000 entzuletik gorako zifrarekin. Hala ere, erakunde publikoen konpromiso faltaren eta babesleen babesik ez edukitzearen ondorioz, «gutxieneko finantzaketa» bat lortzeko arazoak dituzte une honetan. Euren esanetan, hori dela-eta, hiriko ekimen kultural garrantzitsuenetako bat galtzeko arriskuan dago. Egoera horretan, laguntza ekonomikoa eskatzeko deialdi bat egin dute. Kontu korronte bat jarri dute www.bilbainajazzclub.org webgunean lagundu nahi duenarentzat. Irribar batekin etxera iristearen truke merezi dutelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.