Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Zarata

2015eko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan Madrilgo La Casa Encendida kulturgunean estreinakoz ospatu zen SheMakesNoise jaialdiaren harira, artikulu interesgarria argitaratu du Natalia Piñuelek Esquire aldizkarian. Jaialdiak musika elektronikoan eta bideogintza esperimentalean aritzen diren hainbat emakumeren emanaldi bikainak eskaini zuen, eta, bide batez, Ellas Hacen Ruido fanzine eta blogak artista horiei ikusgarritasuna emateko egiten duen ahalegina bultzatu.

1970eko hamarkadatik hasita riot grrrl eta DJetara doazen neska zaratatsuen errepaso zabal eta sakona lantzen du Piñuelek fanzinean. Garai eta estilo guztietan gaitasun faltarik ez da egon, baina aurreiritzi eta paternalismo horma bera jo dute denek, gizartearen eta teknologiaren garapenak ez ditu-eta estereotipoak askorik aldatu. Esquire aldizkariko artikuluan hizpide den elektronikaren kasuan, estatu mailan musika honek duen azpiegitura eskasiak artista horiek oraindik eta ezezagunago izatera kondenatzen ditu.

Piñuelek aski dela dio. Papera, bloga eta zuzeneko emanaldiak erabiliz ezagutzera eman nahi ditu, eta nik haren jarrera txalotu eta hedatu nahi dut hemen. Rosa Arruti (Nad Spiro) 1970eko hamarkadatik pieza itzelak konposatzen dabilela jakinarazi nahi dizuet, baita Marta Sainz eta Blanca Regoren esperimentazio lanek txundituta utzi nautela ere. Jarraitzeko, esango dizuet LCC asturiar bikotearen D/evolution iazko diska handienetako bat dela, eta lortzen ari den oihartzun pitina ondo merezia duela. Eta, bukatzeko, Euskal Herrian Mursego, Ainara Legardon eta, besteak beste, Magmadanen moduko artistekin gaitasun eta ausardia faltarik ez dagoela azpimarratu nahi nuke.

Orain dela gutxi, zutabe bat baino gehiago inspiratu zuen 1950eko eta 1960ko hamarkadetan ezkutuan elektronika musikaren aitzindari izandako hainbat emakumeren berri ematen zuen artikulu batek. Primeran iruditzen zait era horretako aldarrikapen historikoak egitea, baina, zoritxarrez, gaurkoek antzeko harridura, mesfidantza eta deserosotasuna aurkitzen dute. SheMakesNoise gehiago behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.