Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Jackie

2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Jackie Shane, 40ko hamarkadan eta Nashvillen mutil beltz baten gorputzean jaiotako trans emakumea da gaur. 13 urteetara iristerako, bere barnean garbi zeuken ordurako hala zela, eta egunero eskolara makillatuta joaten hasita zegoen. Zorionez Jackiek bere portaera hura aurrera atera eta garatu ahal izateko, gurasoen sostengu osoa jaso zuen. Ez, ordea, bere garaiko gizarte estu, tradizional eta aginte zuriko hartan. Giro itotzaile hartatik ihes egin, eta txikitatik musikarako grina eta gaitasun bikaina erakutsi ondoren, Soul Troupe batera elkartu eta Kanada aldera abiatu zen 1957 aldera. Torontoko Night Club-en zirkuituan, aho bete hortz uzten zituen ikusleak bere ahots zoragarri eta makillaje eta zetazko soineko ederrez hornitutako presentzia indartsu, txundigarri eta izugarri erakargarriz. Baina disko bakar bat grabatzera ailegatu zen. Bere emakumezko itxurari fideltasun eta konbentzimendu osoz atxikita, ez zuen inoiz makillaje edo soinekoak kentzeko eskaerak aintzat hartu, eta, arrazakeriaren eta transfobiaren etengabeko zigor eta errefusaz nazkatuta, 1971n bizitza publikotik desagertu zen, gaur arte.

Haren ohiko kontu eta dotoreziaz, NumeroGroup diskoetxeak bere grabaketa guztien bilduma bat plazaratu berri du CD edo binilo bikoitz moduan, eta nekez aurkituko duzue aurtengo argitaratzeen artean hau baino musika zirraragarriagorik. Eta istorio honek egungo LGTB kolektiboen eredu eta inspiraziorako duen garrantzia ahaztu gabe, haren kalitate musikala goraipatu nahi nuke hemen. Sarritan entzuten dut diskriminazio positiboaren ondorioz kalitate eskasa duten obrei merezi ez duten garrantzia emateko arriskua dagoela. Eta tekniko eta teorikoki hala bada ere, zer pasatzen da kontrakoa gertatzen denean? Hots, Beatles/Stones garaietatik, ohiko eredu heteronormatiboen zenbatgarren artista imitatzaile antzuen ñabardurak lupaz ikertuz, hainbat lan askoz interesgarriagoak radarren azpian pasatzen utzi ditugunean? Gure gizonezko estatus erosotik erortzeko beldurraren ondorio ez al da jarrera defentsibo hori? Ireki ditzagun begiak behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.