Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Pop On!

2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ostiralean arratsaldeko zortzietan Bilboko Ambigu klubean geratu naiz Julen Azpitarterekin. Inguruko taberna baten giro alaian mokadu eta ardotxo pare bat hartu ditugu, gaztaroa aspaldi atzean utzi dugunok horren gustukoak eta terapeutikoak ditugun bikote, seme-alaba eta antsietate gorabeheren inguruko solasaldi goxoan. Ez du luze iraun hala ere. Xabier Sagardia gehitu zaigu handik gutxira, bere iruindar umore bizi eta kutsagarriaz geure buruaz barre egiten lagundu baitigu. Azken patata brava murtxikatzen ari naizela abiatu gara Ambigura bueltan, 21:30etik aurrera, hirurok, Katza, Lon Twist eta Ibon Rodriguezekin batera DJ moduan arituko baikara bertan.

Neuk eman diot hasiera festari, eta jamaikar dub eta dancehall erritmoetan murgildu naiz erabat; azken uneetan burua atera, eta Portugalgo Principe diskoetxeko DJ Marfox eta Nidiaren doinu suspergarri pare batez amaitu dut, ederki gozatuz. Horien harira, Katzarekin komentatu eta elkarbanatu dut bai Principe bai Bristolgo Young Echo diskoetxe eta kolektibo sortzaileenganako sentitzen dugun mirespena. Bitartean, Lon eta Twist (Julen bera), Ambigun sarritan egiten duten bezala, soul, boogaloo, rhythm and blues, eta beste mila koloretako dantzarako gonbitak bota dizkigute etengabe. Etxera, belarritik belarrirako irribarrez bueltatu baino lehen, Ibonen proiektu berriak ezagutzearen irrikarako astia eduki dut, eta, Xabierrekin batera, Entzun aldizkarirako idatzitako artikuluen inguruan bizitako hainbat pasadizo zirraragarri gogoratu ahal izan dut.

Pop Pilulak fanzinearen agur festa izan da. Azken lauzpabost urteetan, pop kulturaz, zentzurik askeenean eta dibertigarrienean, euskaraz aritu ahal izateko izan dugun ataririk ederrena eta preziatuena. Ohore eta plazer handia izan da abentura txiki horretan parte hartzea, eta ziur naiz lehenago ala beranduago antzerako ekimen bat berriz abian jarriko dela. Zer kontatu, zer elkarbanatu eta zer gozatu faltarik ez dugula argi geratu zen Ambiguren berotasunean.

Pop On!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.