BI AHOTSETARA

Deseroso

Antton Iturbe -

2018ko otsailak 4
Terre Thaemlitzek gauzak zail jartzen dizkigu bere jarraitzaileei. Haren hainbat argitalpen SDHC memoria txarteletan saltzen ditu, eta, arren, Internet bidez partekatzeko eskatzen digu. Horietako bat MP3 artxibo baten edukiera maximo osoa betetzen duen 31 orduko pieza bat da, eta plazaratu berri duen Deproduction musika, testu, marrazki eta bideoen konbinaketa da. Baina, formatu bitxiez gain, haien edukiera da benetan deserosoa eta erronkaria dena. Collage moduko konposaketa elektroniko askeak edota DJ Sprinkles izenpean egiten dituen house/techno nahasketa goxoak direla, haiei lotzen dien (batzuetan esplizituago, besteetan lausoago) mezu soziopolitiko eta sexualean datza gakoa.

Genero anbiguotasunetik askoz haratago doan queer jarrera konplexu eta koherente baten ondorio da Terreren lurrazpiko jarduera intimo eta konplikatua, eta horrek entzulearen edo hartzailearen konplizitate sendoa eskatzen du.

Bide horretatik, Deproduction-ek erabat kolokan jartzen du gure gizartean hain sakonki errotuta dugun familia kontzeptua. Gaitz guztien sendagarri eta orekatzaile moduan aurkezteak ezkutatzen duen hipokrisia eta kontrol egarria salatzen ditu bortizki. Ezin luzatu hemen, baina haren hausnarketen sakontasunak eta haren izaera ziztagarriak erabat astintzen naute, eta, behin baino gehiagotan, ahituta, gaindituta, hitz edo iritzirik ahoskatu ezinik sentitzen naiz.

Baina ez al da hori artearen benetako helburua? Noiz erabaki genuen entretenigarri hutsa eta kultur egitarau eta eraikin modernoen eduki komertzial kamutsa bihurtzea? Noiz onartu genuen haurren moduan komenigarria eta gomendagarria zer zaigun erabakitzea Facebooken algoritmoen eta kultur egitarauen babesleen eskuetan uztea? Are gehiago, noiz esan eta sinetsarazi ziguten dena gustukoa eta atsegina izan behar zaigula? Aski da: gustatu ala ez, Terre bezalako asko beharrezkoak ditugu gure inguruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna