Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Dibertitzeko gogoz

2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Haien adinean eurak bezalakoa izan nahiko nuke». Lagunak belarrira aitorpen intimoa. «Nik ere bai», erantzun diot irribarrez. Neguko igande hotz bat Donostiako Bukowski tabernan. Beste zeregin jakinik ez, eta Oskar Benas Instro Combo eta The Fleshtones talde garagero mitikoa ikusteko asmoz elkartu gara bi lagun. Azken horretan fuzza, garagea eta rock and rolla dira nagusi. Erretiroa hartzeko adinetik gertu dabiltza musikariak, baina dibertitzeko gogo izugarria transmititzen dute oholtza gainetik. Peter Zaremba taldeko gidaria tunika bat jantzita atera da lehenengo kantutik, eta inguruan dituen musikariekin txantxetan ibili da etengabe, publikoarekin hartu-emanean. Haur batzuk dirudite jolasean.

The Fleshtonesek lau hamarkada bete zituen duela bi urte. 1976an sortu ziren, New Yorken (AEB), punk eztandaren erdian, eta klasiko bihurtu dira dagoeneko. Surf, garaje eta soul doinuak uztartzen dituzte, gitarra zikinak dira protagonista, eta gaur egun ez dute formula berririk eskaintzen, baina askotan ez da beharrezkoa ere. Bukowskin emandako kontzertuan taberna osoa dantzan jarri dute lehenengo abestia jotzen hasi diren unetik, eta hala jarraitu dugu emanaldia bukatu bitartean. Jauzika, izerditan, tarteka garagardoarekin ondokoa bustitzen. Hedonismo festa bat izan da oinarrian. Dibertsio hutsa.

Peter Zarembak elkarrizketa batean adierazitakoa da: «Beti amets egin nuen talde bateko partaide izatearekin. Niretzat jotzea plazer izugarria da, plazer gaindiezin bat. Publikoaren aurrean gaudenean haiek euren arazoak ahazten dituztela ikustea bezain ederra da». Horixe bera esanez atera ginen aurreko asteko kontzertutik; estalki guztiak kenduz gero, rock and rolla zerbait bada, bateria bat, baxu bat, gitarra bat eta ongi pasatzeko gogoa direla funtsean. Eta bai, eguneroko kezketatik ateratzeko ihesbide bat ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.