Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Hitzaren indarra

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herrian adierazpen askatasuna bolo-bolo ibili den astean iritsi da albistea. Jose Miguel Arenas Valtonyc gisa ezagutzen den rap kantariari hiru urte eta erdiko zigorra berretsi dio Espainiako Auzitegi Gorenak. Arrazoia: bere abestien hitzetan terrorismoari gorazarre egin, eta Koroari irainak eta mehatxuak egitea. Balear Uharteetakoa (Herrialde Katalanak) da Valtonyc, eta Interneten kargatuta zeuzkan kantuak, edonork doan entzuteko moduan. Hamasei abestietako hitzengatik zigortu dute zehazki. Erregearengatik «zergatik ez du burua puskatzen eta ez aldaka» edota «banketxeko jabeak hilda etxe-desjabetzeak gutxituko lirateke», zioen kantu horietako batzuetan, adibide batzuk aipatzearren.

Raperoak aurretik jarritako helegitean adierazi zuen arte sorkuntza eta adierazpen askatasuna defendatzen dituela, eta rapak genero bezala hitz «sinbolikoak, probokatzaileak, alegorikoak eta askotan muturrekoak» dituela. Sententzia jakin bezain pronto, Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko duela esan du abeslariak.

Bide horretan, Kataluniako Kontzertu Aretoen Elkarteak elkartasuna adierazi nahi izan dio musikariari, eta erabaki dute Valtonyc 30 jaialdi ingurutara gonbidatuko dutela. Hala, Primavera Sound jaialdian, Vida eta Cruillako karteletan egongo da aurten rap kantaria, eta Bartzelonako Razzmatazz eta Apolo areto mitikoetan jo ahal izango du. Sare sozialetan ere oihartzun zabala izan du albisteak, eta berehala hedatu da #RapeatzeaEzDaDelitua traola.

Musika talde gehienen hitzak indar politikoa eta soziala galtzen ari dira gaur egun, karga hori duten mezuak diluitu egin dira, dena da likidoa eta garrantzirik gabea. Ez da musikan bakarrik izan bilakaera hori. Bertsolari Txapelketa Nagusien berri ematen duten kazetariek antzeko eboluzioa sumatu dute azken finalean, gai politikoak, lehengo presentzia handia galdu, eta bazterrera igaro baitira. Hori dela eta, desaktibatze ideologiko honen erdian, inoiz baino gehiago eskertzen da hainbat rap musikarik egiten duten lana. Gusta dakizuke edo ez, baina onartezina da abestiak egiteagatik kartzelara joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.