Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Aphex

2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Milaka disko eder, handi eta txiki, ospetsu eta ezezagun, gure aurretik pasatzen dira etengabe, ziztu batean entzun eta aztarnarik utzi gabe. Disko bakar batzuen edukia eta estetikak gazte belaunaldi osoak betirako moldatzen zituzten garaiak atzean geratu dira. Aniztasunean sakabanatu eta disolbatu egin da musikaren eragina, eta diskoak arte objektu estetiko iraultzaile edo sozialki kitzikagarri eta, batez ere, garrantzitsu izateko gaitasuna galdu du. Kritikariok ere disko uholdearen aurrean perspektiba galduta gabiltza. Ikuspegi aldaketa baten beharrean gaude. Horregatik, bere diskoak argitaratu aurretik ilegalki Internetera hedatuak izatean (Madonna edo Björk, kasurako) artisten haserrea ulergarri baldin bazait ere, galdutako gerra bat dela uste dut. Musikarien jarduera disko bakar bat, obra oso eta aldaezin moduan, egin eta hori saltzean oinarritu da orain arte, baina ildo horrek ba ote du etorkizunik?

Testuinguru honetan, Aphex Twinek egindakoak galdera eta aukera interesgarriak eskaintzen ditu. Elektronika musikari aitzindari eta bikain horrek bere ibilbide luzean pilatuz joan den doinu ez argitaratu eta erdi bukatu guztiak bere soundcloud kontuan zintzilikatu ditubat-batean. Dagoeneko 150 doinu inguru dago eskuragarri, nahi bezala entzun eta erabili ahal izateko, eta dokumentu bat ere bai track bakoitzaren zehaztasun teknikoak azalduz. Liluragarria eta, aldi berean, irentsezina da, baita kritikariontzat ere. Pertsonalizazioa da aukera bakarra. Norberak bere aukeraketa eta bere narratiba ezarri beharko dio ozeano soinudun honi.

Baina Aphexek ez du inolako ordainik jasoko abesti horien truke, ez zuzenean behintzat; beraz, zenbateraino da erabilgarria eredu hori? Eta erdibideko ebazpen bat posible balitz? Hots, diskoaren eta abesti solido eta aldaezinen ordez, entzule bakoitzak pertsonalizatuko lituzkeen bertsioak eskuragarri balira? Kopiarik ez legoke, ez bailuke zentzurik izango. Tira, Aphexen elektronika bihurriak eragindako eldarnio psikodeliko hutsa izan liteke ere…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.