Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Matana

2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Matana Roberts Brooklyneko portuan etxe bilakatutako ontzi batean bizi da. Hantxe bilatzen du, itsaslerro zabalean eta kaioen karranka urrunean, New York moduko hiri frenetiko batek egunero gainean botatzen dizkion aurreiritzi, araudi eta zarata zaparradatik gordelekua. Babesleku bai, baina ez ezkutaleku. Matana ez baita isilean pairatzen duten horietakoa. Bere musikaren bitartez afrikar-amerikarren historia barnetik kontatu, eguneratu eta berrinterpretatu nahi du. Lan hori hamabi diskotan banatuko duela iragarri du; bakoitza musikari konfigurazio eta soinu ehundura ezberdinez osatu du, gainera.

Handinahia eta kemena ez zaizkio falta, beraz. Ezta gaitasuna ere. Dagoeneko plazaratu dituen hiru diskoak azken urteetako txundigarrienen artean baitaude nire ustez.

Bluesaren gordeleku, house musikaren sorterri, free-jazzaren lehertzaile eta, oro har, afroamerikar kulturaren espresio aske, aitzindari eta konprometituenen inspirazio iturri den hirian hazi zen Matana: Chicagon. Aitona-amonak hegoalde esklabo egindakotik zetozen, eta ederki erakutsi zioten elkar laguntzen duen komunitate batean bizitzearen garrantzia. Gurasoek, black panther eta working class harrotasunez, afroamerikar kulturan sakontzen, eta hori transmititzen eta defendatzen erakutsi zioten. Egun, ordea, komunitate zentzu hori galtzen ari den heinean, afroamerikarrekiko desoreka ekonomikoa, bazterketa soziala eta hezkuntza falta inoiz baino handiagoa bilakatzen ari dela dirudi.

Hori guztia eta askoz gehiago dago Matanaren ahots eta saxoaren ufada bakoitzean. Baina, agian, ez da beharrezkoa ezer kontatzea. Soinua purua denean —hots, norberaren barnetik hizkuntza, gizarte edo ekonomiaren iragazkiei jaramonik egin gabe sortzen denean—, komunikazioak ez du testuingururik behar. Soinuak emozioak imitatu eta sorrarazteko duen boterearen aurrean hitzak sobera daude. Isilduko naiz, beraz, eta Matanaren ontzian, itsaslerroari begira, olatuen marrumarekin batera saxofoiaren kontakizuna entzungo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.