Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Max

2015eko urriaren 11
00:00
Entzun
Gustukoa izan dut beti entzungailuen bidez musika entzuten dudan bitartean kalean zehar paseatzea. Soinu banda bat izateak nire inguruan ikusten dudanaren interpretazio bitxiak bururarazten dizkit. Bereziki gogoratzen dut, neguko arratsalde ilun eta hotz batean Bruselako Grand Place inguruan Max Richterren piano zoragarria lagun nuela, garai urrun batean kale haietan bizi eta paseatu izan nuelako sentsazio magikoa. Estreinakoz ikusi nituen arren, familiartekotasun goxo bat iradoki zidaten hango zirrikitu eta galtzada-harri guztiek.

Diotenez, musikaren izaera hitzez deskribatzen saiatzea ezinezko lana da, hizkuntzaren irismen mugatuak ezin baitu hark eragiten dituen emozio infinituen misterioa harrapatu. Loturetara jotzen dugu, orduan, musikari buruz idazten dugun askok. Doinu batek iraganean entzundako beste batzuk gogorarazten dizkigu, eta hortik abiatzen ditugu gure iruzkinak. Baina iraganean mila aldiz entzun dugula sumatu arren, sarritan ezinezkoa zaigu kantu jakin batek zer gogorarazten digun zehaztea.

Halaxe sentitu naiz gaur, Julia Holterren azken diskoaren iruzkin bat idazten hasi naizenean. Haren abestien distira ederrak nire memoriaren eremu urrunenak argitu eta kitzikatzen ditu. Baina behatzen eta teklatuaren artean desegiten dira handik ateratako izen guztiak. Ez naiz gai musika honen lilura dagokion moduan azaldu eta kokatzeko.

Agian, Max Richterrek dauka oraingoan ere erantzuna. Bere azken obra lo zauden bitartean entzuteko diseinatu du, eta zortzi orduko iraupena du. Maxek dio esna gauden bitartean eginiko ametsa dela musika; bertan bizitzeko aukera ematen digun espazio irudikatu bat, nolabait esateko. Baina gure eguneroko jardunean ezin dugu espazio hori erabat bete. Obra honek barnera jauzi egitera eta bertan bizitzera bultzatu nahi gaitu. Ametsaren unean garuneko jarduera soinu uhin zehatz batzurekin parekatu daiteke antza denez, eta musika entzun edo gutxienik sumatzea posible omen da. Agian, une horretan entzun ditut Holterrek iradokitzen dizkidan doinu liluragarri horiek guztiak, Grand Placeko kafetegi batean sartzerakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.