Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Ozeanoa

2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Abenduaren amaiera urtearen azterketa eta jazotako gertaera hoberenen eta okerrenen zerrendak egiteko unea izaten da. Musikazale eta kazetariontzat, diskoak gertaera garrantzitsu horien arten daude, noski. Baina, aurtengo nire zerrendatxoa egitera abiatu naizenean, urtetik urtera indartsuagoa den blokeoa sentitu dut. Ariketa geroz eta zailagoa suertatzen zait eta, oraingo honetan, agian, ohitura tonto hau behingoz bertan behera uzteko ordua iritsi ez ote den galdetzen diot neure buruari. Azken batean, urte oso batean entzun eta gozatu dudan musikaren aniztasuna hain da handia, artista edo disko bakar batzuetan laburbiltzea erabat ezinezkoa zait.

Nekez aipa dezaket egungo talde edo bakarlari bat nire gustukoena bezala. Milaka faborito dauzkat, eta, aldi berean, benetan gailendu eta egungo musika eta artearen izaera guztiz pertsonifikatzen duenik ez dago. Gaztaroan banituen artista kuttun gutxi batzuk, arte eta bizitza mailan eredu eta adierazgarri zirenak. Adinak dakarren patxada eta ikuspegi zabalaren eraginez, gauzak ezberdin dira orain.

Baina ez dut uste adinaren eraginera murrizten denik. Egungo musikaren ozeanoa zabalegia da artista bakar batek kutsatu ahal dezan, eta, hori baino garrantzitsuago, egun sortzen den musikarik zirraragarriena, hein oso handi batean, lan kolektiboaren emaitza da. Partaideen arteko elkarlan etengabea eragin eta ahalbidetzen duten plataformak —on-line batik bat— ugaritzen ari dira, eta musika barra-barra plazaratzen. Ondorioz, zale eta kazetarien radarretik alde egiten digun musika puska geroz eta handiagoa da, eta hala onartu beharra dago, gainera. Beraz, disko hoberenen zerrenda egiterakoan —bai euskal mailan, bai nazioartekoan— aldizkari batetik bestera argitalpen pilotxo berberean oinarritzen gara gure aukeraketarako. Eta, noski, zerrenda guztiak oso antzekoak dira. Gure irla ñimiñoa da, ozeanoaren erdian, eta ez da oso interesgarria, gainera. Nekatu naiz, bada. Ozeano horretan barna txangoak antolatuz eta irakurlea bertara gonbidatuz, ekarpenzirraragarriagoak egiten saiatu beharko ginateke kazetariok. Horra benetako erronka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.