Ezarian. Zientzia

Curiosity misioak ez du forma bizirik identifikatu Marten, oraingoz

Ur arrastoak eta konposizio kimiko konplexuak topatu dituzte zoruan, NASAren arabera

Amaia Portugal.
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Bere makineria guztia jarri du martxan Curiosity misioak, lehen aldiz Marteko zoruaren analisi kimiko sakona egiteko. Izan ere, bertan aurkitutako harriei argazkiak ateratzeaz gain, horien konposizioa aztertzeko tresnak ere baditu egitasmoak. Aste honetan eman du NASAk lehen emaitzen berri, eta oraingoz, ez dute planeta gorrian forma bizirik dagoen edo egon den egiaztatzerik. Baina ezta baztertzerik ere.

Bizia egon edo ez egon, aztertutako materialetik datu interesgarriak erauzi dituzte ikertzaileek. Zehazki, Rocknest izena hartu duen zonalde hareatsu eta haizetsuko materiala izan dute aztergai, eta konposizio kimiko konplexuak aurkitu dituzte bertan.

Esaterako, aurrez beste misio batzuek egiaztatu zuten moduan, Curiosityk ere ur molekulak topatu ditu Marten. Egindako azterketa kimikoak erakutsi duenez, ur horren konposizioa desberdina litzateke Lurrekoarekin alderatuta, askoz ere astunagoa. Horrez gain, oxigeno, sufre eta kloro arrastoak ere identifikatu ditu NASAren robotak.

Marten forma bizirik baldin badago, osagai organikoak egongo dira, eta horixe zen Curiosityren azterketa kimikoaren lehen emaitzei buruz zegoen zalantza nagusietako bat. Identifikatu al du robotak osagai organikorik? Bada, bai, baina ez da erabakigarria.

Curiosity bikia

Analisiok karbonoa detektatu dute aztergai izan diren materialen artean, baina kontu handiz jorratu beharreko auzia da hori. Lehenik, oso kantitate txikia identifikatu duelako, eta bigarrenik, ikertzaileek oraindik ez dutelako zehaztu arrasto horiek benetan Martekoak ote diren. Izan ere, litekeena da topatutako karbono apur hori Curiosityk Lurretik bertatik eramandakoa izatea, edo meteoritoren batek Marten utzitako arrastoa. Oraindik argitzeke dago hori.

NASAk iragarpen gehiago ere egin ditu aste honetan, Marterako misioen harira. 2020an Curiosityren robot biki bat bidali nahi dute planeta gorrira, adierazi dutenez. Orain martxan duten misioa arrakastatsua izaten ari dela ikusita, Curiosity eraikitzeko baliatutako xasisa, lur hartzeko sistema eta beste zenbait elementu bere horretan kopiatzeko aukera izango dute, eta antzeko ezaugarriak baina kostu askoz ere txikiagoa izango duen gailua sortzea da asmoa.

Laginak bildu, gorde eta Lurrera ekartzea izango dira Curiosityren bikiaren egitekoak, aurreikusi bezala 2020an Martera bidaltzea lortzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.