Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Newcastleko koplakaria

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
R ichard Dawsonen Nothing Important azkenaldian entzun dudan disko txundigarrienetako bat da. Newcastleko abeslari horren ahots urratu eta hezigabeak hamaika orkestra sinfonikoren burrunbak baino bortitzago eragiten dizkit barneak. Baso lainotsu batean bakarturik hazi izan den ume bat balitz bezala xuxurlatu eta oihukatzen du Richardek. Harri tartean saltoka, beti estropezu egiteko zorian mugitzen dira haren abestiak. Horren bitxiak eta arrotzak dira haren doinuak, non ehunka urtean ezkutatuta egon den aspaldiko folk usadio baten oinordeko bakarra baitirudi.

Baina haren abestien edukia gaur egungoa da. Newcastleko denda eta taberna ezagunak agertzen dira; bertan bizi direnek uler ditzaketen txantxek bat egiten dute XXI. mendeko edozein hirik hauspotzen duen etsipen eta alienaziotik alde egiteko nahiarekin. Bere hitzen azentu itxia ulergaitza zaigun arren, mezuak garbi jotzen du gure bihotzen erdian. Itzulpen beharrik ez dago.

Richardek hitz egiten duen modu berberean kantatzendu. Hitzen berezko musikalitatearekin jokatuz, naturaltasun osoz iristen zaizkigu haren abestien kontakizunak. Bereak ez dituen bizipenak, irudiak eta ahoskerak ahaztu eta imitatzeko erreferentziarik gabe eta entzuleak pentsa dezakeenari jaramonik egin gabe espresatzea du helburu. Aldi berean, artisau baten maitasun eta trebeziaz eraikitzen du bere musika paregabea.

Gure inguruko musikariak euskaraz aritzea mugaketa baten moduan ikusten dute askok. Ingelesez arituko balira oihartzun eta esker on askoz zabalagoa jasoko lutekeela pentsa ohi dugu. Baina, Richard bezala, musika hizkuntza eta hizkuntza musika bilakatzeko gai diren artista handiak ditugu gure artean. Anari edo Lisabo, esaterako, ingelesez arituko balira beren musika ezerez mediatikoan desegingo litzatekeela uste dut. Itzulpen beharrik gabe, euskara unibertsal bilakatzeko gai dira, eta horrek ematen die benetako indarra eta nortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.