Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Kritika

2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Gauza bat edo bestea dela, kritikarion gaineko kritika ugari irakurri eta entzun ditut azken egunotan. Urte bukaerako disko hoberenen zerrendak osatzeko ohitura edota diskoen arteko alderaketak egiteko dugun apetaren zentzugabekeria aurpegiratu dizkidate. Are gehiago, diskoak iruzkintzerakoan, eskolako azterketa bat balira bezala, zenbakizko (edo izartxozko) nota bat jartzea zein krudel eta sinplifikatzailea den amorruz salatu izan dute nire aurrean.

Bai. Touché. Arrazoi duzue denok. Musikaren inguruko kazetaritzak musikari berari egiten dion mesedea oso eztabaidagarria da. Sarritan, musika beraren muinetik oso urrun bizi dela dirudi, eta bere izaera ulertzeko gai ez dela gainera. Zein irizpidetan oinarritzen gara kazetariok disko bati 7 nota emateko edo talde jakin baten azken diskoa, aurrekoa baino hobea edo okerragoa dela esateko? Erabiltzen ditugun parametroak zeintzuk diren eta zehazki nola neurtzen ditugun deskribatu beharko bagenu, gorriak ikusiko genituzke. Eta, orduan, zergatik jarraitzen dugu bide hori jorratzen?

Nire ustez, garai bateko musika industriarekiko zurikerian dago jatorria. Non, diskoei merkatu barruan posizio bat emateko baliabide moduan erabili dira kazetarion puntuazioak eta zerrendak. Horrekin batera, kirol kazetaritzaren kutsadura nabaria izan dugu. Kirolmunduan lehiaketa eta puntuazioak erabat zentzuzkoak dira, baina musikan erabat itogarriak dira.

Birziklatu behar dugu, kantu edo disko batek zergatik zirrara eragin edo aspertzen gaituen azaltzeko baliabide berri eta egokiagoak aurkitu ahal izateko. Baina ohiko industriaren gainbeheraz eta Interneteko jario bateraezinaz markatutako garai hauetan, izpiritu kritikoa inoiz baino beharrezkoagoa dugu, bai kazetari, bai eta entzuleen aldetik ere. Dena datorren moduan ontzat emateak homogeneizazio txepelenera garamatza. Musika berriak ezagutu eta gozatzearen bidean, eztabaida hauspotzea da gure benetako eginkizuna. Eta horretan jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.