Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

PJ

2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Berri saminez beteriko urtarril honen iluntasuna apurtzera datorren argi izpi baten moduan jaso dut PJ Harveyk apirilean disko bat argitaratuko duelako berria. Hogei urtetik gorako ibilbidean plazaratu dituen disko bikain guztien artean, ez baitut inoiz ahaztuko 1993ko Rid of Me estreinakoz entzuteak nigan izan zuen eragina.Ulergarria zait PJ Harveyren agerpenak emakume askoren jabekuntzarako izan zuen garrantzia. Rol sexual aktibo aske eta indartsu bat garatzeko bidean eman zien bultzada irudikatu dezaket. Baina, aldi berean, gizonezkoengan —edo gizonezko batzuengan behintzat— horren biziki eraldatzailea izan zela uste dut.

Noski, pop-rockaren historian PJ Harvey ez zen jarrera hori erakutsi zuen lehena, ezta bakarra bere garaikideen artean ere. Baina bere erakargarritasun sexualaren eta musika indartsu eta ederraren ondorioz, berak izan zuen nigan inpaktu bortitzena. PJk bira eman zion, erabat, ordura arte pop-rock munduan ezagutzen nuen eskemari. Gizonaren desiretan oinarritutako eskema baitzen nik ezagutzen nuena, eta emakumeak «hautatuak» izatera mugatzen ziren.

Emakumezkoak protagonista zirenean, gizonezkoen amets hezeak betetzea zirudien helburua, edota neskatila lotsati eta hauskorraren papera egitea. PJ desiragarri eta sentsuala zen oso, baina bera ere desiratzaile aktiboa zen, bere gorputz eta bere erabakien nagusi, ez nire plazererako dantzatzen zen panpina bat. PJk begiak ireki zizkidan, eta adorea eman zidan eredutzat nituen hainbat rock talderen jarrera zalantzan jartzeko.

Pikara aldizkari feministak partekatu duen bideo batean, Björk eta PJ Harvey Rolling Stonesen Satisfaction kantu ezagunaren zuzeneko bertsio/dekonstrukzio itzela egiten ikusi ditut gaur. Satisfakzio horren hartzaile eta eragilearen paperak aldatzean, kantuaren jatorrizko zama sexual matxista guztia deuseztatu eta abesti berri bat eraiki dute. Ikusleek deserosotasunez betetako txalo ziztrin batzuk eskaintzen dizkiete, zer pentsa ezin erabakirik. Nork dio egungo rock-and-rollakez duela eraldagarria eta asaldagarria izaterik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.