Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Patriarkatu aurrerakoia

2016ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Halabeharrez, Amaren Egunean egin dut topo Bradford Bailey kazetariak The Hum blogerako idatzi duen artikuluarekin. Ez dakit hango protagonista diren bederatzi emakumeek semerik duten ala ez, baina bai musika zoragarriaren amak direla, eta, hori, adeitsuki zoriontzeko nahiko eta soberako arrazoia dela deritzot.

Bradfordek, bere idazkian, musika esperimental edo aurrerakoiaren barnean bere gustukoenak diren bederatzi emakume izendatzen ditu. Zaharrenek , Pauline Oliveros, Jocy Oliveira eta Eliane Radiguek, 80 urte baino gehiago dauzkate, eta gazteenak, Sand Ewenek, 30 baino gutxiago. Denak bizirik daude, eta modu ozenago edo isilagoan lanean dihardute oraindik. Elektronikaren erabileraren bide-urratzaileak —Pauline bera, kasurako— gizon-emakumeen ahotsaren mugen esploratzaileak —Joan La Barbara— eta ohiko musika tresnei soinu berri txundigarriak ateratzeko gai direnartistak —Okkyung Lee— daude zerrendan. Aparteko ekarpen handi eta zirraragarriak egin dituzte denek musika munduan, Bradforden hitzetan, behinik behin. Neuk ere guztiak ezagutzen ez nituela onartu behar baitu,t eta dagoeneko falta zaizkidanak apuntatu ditudala lehenbailehen entzuten hasteko.

Izenak izen, artikuluak iradokizun interesgarri bat dakar barnean. Bradforden ustetan, musika esperimentalak beste edozein estilok baino patriarkatu kutsadura txikiagoa jasan du, eta, horri esker, emakumezkoen lanak ikusgarritasun handiagoa eskuratu ahal izan du. Irudi eta estetika pertsonalak artisten lanean inongo eraginik ez izateak itxurazko parekidetasun hori ahalbidetu duela ondorioztatzen du gainera. Edozein iritzi bezain eztabaidagarria den arren, zentzuzkoa dirudi. Baina, aldi berean, beste kezka bat pizten dit niri. Gorputza, estetika eta sexualitate esplizitua erabiltzen duten emakumezko artistentzat—Beyonce, adibide ezagunena aipatzeagatik— errespetagarritasun estatus hori debekatuta dago oraindik. Azaletik dirudiena baino patriarkatu kirats handiagoa ezkutatzen du Bradforden ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.