Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Txaloak

2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Musikariek eta artistek, oro har, bertsolariek barne, txaloak behar dituzte; bestela, zimeldu eta tristatu egiten dira, urik gabeko landareen antzera. Orain dela egun batzuk Rosa Monterok elkarrizketa batean Hungariako Psikiatria fakultate batek egin zuen ikerketa aipatzen zuen. Azterketaren arabera, europarren %50ek Neurogulin 1 izeneko genearen kopia bat dute garunean; %15ek bi kopia dituzte, eta %35ek ez dute gen bakar bat ere. Jenderik sortzaileenak bi kopia dituen multzo horretakoak dira, baina aldi berean, multzo horretakoak dira nahasmendu psikiatrikoak jasateko aukera gehien dutenak ere. Horrez gain, memoria txarrekoak omen dira, eta jendearen kritiken aurrean sentiberatasun gehiegizkoa omen dute talde horretakoek. Txaloen premia gehiegizko hori da, beraz, sortzaileen ezaugarririk nabarmenetako bat.

Hori hala izango da, ez dut zalantzarik egiten. Baina gauza bat da entzuleek duten pertzepzioa, eta beste bat guk geuk izaten duguna. Adibide bat. Udan, estudioan grabatzen egon ginenean, bazkalaurreko toma guztiak txarrak iruditzen zitzaizkigun; bazkaltzera joan, eta, itzuleran, sabela beteta genuela, hartualdi berberak askoz hobeak ziren sentipena izaten genuen. Grabazioa berbera zen, baina gure gorputzaldia aldatuta, pertzepzioa ere aldatzen zitzaigun.

Musikariaren bidelagun ezinbestekoa da pertzepzioa. Badaude egunak kontzertua bukatu eta sekulako sinesmenarekin elkarri «izugarria izan da» esanez laineza puntu batekin oholtzatik jaisten garenak. Eta badaude egunak emanaldia amaitu eta egin ditugun akatsak behin eta berriz gogoratuz hutsaren hurrengo sentitu eta burumakur etxera alde egiten dugunak. Eskerrak entzuleak etortzen diren zorionak ematera, noizean behin. Halakoetan, ohartzen zara izugarritzat definitu duzun kontzertu hori ez dela izan hainbesterainokoa, eta zure bizitzako akatsik handiena sentitu duzun horrekin ez dela ia inor konturatu. Alegia, pertzepzioak pertzepzio, normalean erdibidea izaten dela errealitatea eta publikoak bereganatu duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.