Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Tabakalerako paretetan

2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Gnod taldeak Azkoitiko Matadeixen emango zuen kontzertua dela eta, informazio bila nenbilen nire kronika datu interesgarriz janzteko asmoz. Arakatze horretan, The Quietus online aldizkarirako Mick Middles kazetariak idatzitako iruzkinarekin topo egin dut, eta, inspirazioz beterik, ahopean botatako «eureka» batez amaitu dut irakurketa. Artistaren eta egoitzaren arteko harremana musika sormenaren eragiletzat dauka Mick Middlesek, eta erabat ados nagoela onartu behar dut. Artikuluan, Gnod taldearen eta jaioterri duten Salford hiriko Islington Mill Arte Zentroaren artean eratzen den sinbiosia ederki azaltzen du. Laukotearen emanaldi luzeetan,musikak egoitzaren paretak pixkanaka blaitzen dituela dio, eta bertan utzitako aztarnak, aldi berean, hurrengo emanaldietako doinuak kutsatzen dituela. Amaigabeko ziklo horretan, soinu geruzak bata bestearen gainean pilatzen dira, musikarien kontroletik at dagoen izaki soniko erraldoi bat eratuz.

Mick Middlesen metaforak Matadeixeren beraren eta Akauzazteren arteko erlazioa deskribatzeko ezin egokiagoak iruditzen zaizkit. Azkoitiko taldearen akelarreek betirako kutsatu dituzte egoitza horren paretak, eta, ondorioz, bertan jotzen duen beste edozein talderen musikak talka egitean sorginkeriaz distortsionatuta bueltatzen da, inoiz baino liluragarriagoa. Horrek guztiak eldarnio puntu mistiko bat izan dezake, baina ziur naiz beste hainbat egoitzatan antzeko sentsazioak izan dituen zale asko dagoela lerro hauek irakurtzen dituztenen artean.

Berako Mataderoan, ERTZ jaialdi batean Bizarra bikoteak eman zuen saioa, ametsetan soilik uler daitekeen zirraraz gogoratzen dut. Era berean, berrikuntzaren aurretik, Donostiako Tabakalerako areto nagusian Charlemagne Palestinek pareta zaharkituak baliatuz eman zuen piano saioak erresonantzia magikoak eragiten ditu oraindik buruan grabatutako oroimenean. Musika haren aztarna, ordea, eraikinaren obratan joana izango da, edo agian ez, ukitu edo ikusi ezin denez, nork daki?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.