Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Nancy

2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Rochesterrera 1964an iristean, Nancy Dupreek Hego Carolinako arrazakeria eta indarkeria atzean utziko zituela espero zuen. Baina pozoia iparraldeko puntaraino iritsia zen dagoeneko. Gatazka, protesta eta poliziaren gehiegikeriaz betetako uda hartan hasi zen bertako eskola publikoan musika irakasle moduan lanean, eta ordu arte bere ikasketak burutzeko, bere poesiak zabaldu eta bere emakume afroamerikar nortasuna harrotasunez aurkezteko erabili zuen ausardia beraz ekingo ziola erabaki ere.

Rochesterren, AEBetako beste hainbat eskolatan bezala, ikasleen gehiengoa afroamerikarra izan arren, zuriak ziren irakasle eta adiministrari guztiak. Nancy izan ezik. Baina Nancy ez zen kikildu, ezta gutxiago ere. Sei urtez, liburuek erakusten zuten historia eta doinu klasikoez gain, afroamerikarren historia azaldu zien ikasleei. Odetta, Nina Simone, Ella Fitzgerald eta Leontyne Princeren berri eman zien. Erabakitasun eta limurtze gaitasun infinituz B. B. King edo Muhammad Ali moduko pertsonaiak Rochesterreko eskola xumeko ikasleen aurrean musu-truk hitz egitera ekartzeko gai izan zen gainera. Baina, batez ere, ikasleak bere kabuz pentsatu, sentitu, adierazi eta sortzera bultzatu nahi izan zituen, eta ondo lortu gainera.

1969an Folkways diskoetxearen laguntzaz estudio batean sartu zituen ikasleak, eta beraiek sortutako abestiak kantatu eta grabatzeko aukera eman zien. Nancyren zuzendaritza musikal pittin batez, bere hitz xinpleetan eguneroko bizitzan garrantzitsuak ziren gauzak espresatu ahal izan zituzten, eta gospelaren hunkiduraren eta James Brownen berotasunaren arteko abesti sorta xarmagarri bezain harrigarria Ghetto Reality izenpean gorde zuten.

1970ean eskolako arduradunek kalera bota zuten Nancy, eta diskoaren banaketa eragotzi, aztarna guztiak ezabatu nahian. Baina, zorionez, Moij'connais diskoetxeak aurten grabaketa berreskuratu eta plazaratu du. Zutabe honen bozgorailu txikitik Nancyren memoria, mezu eta jarrera miresgarria gogoraraztea ezinbestekoa iruditu zait oraingo honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.