Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Arbasoen dantza

2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Simon Reynolds kazetari britainiarra pop musikaren historia, garapen eta eragin zabalaren ikertzaile sakonenetako bat bilakatu da azken urteotan, eta plazaratzen duen liburu bakoitzak geroz eta ikusmin handiagoa sortzen du zaleen artean. Oraingo honetan, Energy Flash dantza musika elektronikoa eta rave kulturaren inguruan idatzitako liburua gaztelaniara itzultzea (Contra argitaletxean) izan da berria eta inguruko medioetan hainbat elkarrizketa emateko arrazoia. Ohi bezain zorrotz, jakintsu eta pedagogiko iruditu zaizkit orain ere haren azalpenak.

Horien artean, 1990eko hamarkadan gau guztian techno erritmo bizkorretan murgilduta dantza egiten zutenek eurek asmatutako tribalismo bati jarraitzen ziotela dio. Jaioterri eta nortasun sozial edo etnikoarekin zerikusirik ez duen esparru batean norberaren burua ahaztu eta denboratik alde egin ahal izan zuten. Baina, aldi berean, grina hori giza historian bertan kateatuta dago, greziarren errituetatik XX. mendeko 1920ko hamarkadako jazz dantza frenetikoetara edo kolonbiar cumbiara, garai guztietan jazo baita transzendentzia, askapena, adierazpen pertsonala eta talde identitateaaldi berean sentitzeko behar hori.

Hasiera batean eta itxuraz behintzat, dantza frenetikorako aproposa ez den arren, Akauzazteren musika boteretsua berriz entzun eta zuzenean ikustean, Reynoldsen hitzak etorri zaizkit burura. Sei urteko etenaldi luze baten ondoren, Azkoitiko hirukotea gure artean baita berriz ere. Disko berri baten prestaketa lanetan aritzeaz gain, agertokietara bueltatu dira, eta beren kontzertuak tribalismoa, transzendentzia, norberaren zamak atzean utzi eta esperientzia kolektiborako bide zoragarriak direla erakutsi dute berriz ere. Are gehiago: esango nuke gure arbaso urrunenen erritmo eta oihu primitiboekin bat egiten dutela une askotan. Bertakoago eta atzerakoiago ez dago izaterik; egungoago, zabalago eta handiagorik ere ez. Akauzazte euskal musikaren aitzindari bilakatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.