Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

A maila

2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Una Bainesek Manchester jaioterriko The Fall eta The Blue Orchids taldeen sorreran eta garapenean parte hartu zuen 1976an. Gaur arte, eta Finders Keepers diskoetxearen arakatze lanagatik ez balitz, horretara mugatu izan dugu bere historia, baina ez da horrela. Beste sei emakumezkorekin batera The Fates taldea eratu zuen Unak 1985ean, eta Furia izeneko abesti bilduma grabatu. Emakume bat ere (Ludus) izan zen azaleko irudi feminista deigarriaren egilea, eta XVI. mendeko Pendle-ko sorginak hartu zituen inspirazio moduan. Diskoak punk ausardia, pop naif goxoa eta folk esoteriko misteriotsua uztartzen ditu modu miragarriz. Denboraz kanpo bizi den artelana da; atzo, gaur bezain fresko eta txundigarri. Baina oso banaketa murritza izan zuen, eta mingarria bada ere, 30 urtez ia erabat ezkutatuta egon da. Emakumezkoek soilik egindako lana izateagatik ote den ez dakit, baina garbi dago Manchesterreko talde eraginkorrak gogora ekartzean Joy Division edota The Smiths aipatzen ditugula denok, inork ez duela (ezingo duela) The Fates aipatu. Furia-ren argitalpena oso berri ona izan arren, historia ez dago aldatzerik...

Sleater-Kinnney ere hiru emakumez osatutako taldea da. Zorionez, The Fates baino ezagunagoa, Subpop diskoetxeak haren diskografia osoa luxuzko kaxa batean argitaratzeak aditzera ematen duen bezala. Ondo merezita daukate. Baina azken urteetako rock talde handienetako bat izan arren, benetako A maila ez diogula ematen iruditzen zait batzuetan; emakumezkoz osatuta dagoelako, hain zuzen ere. Kontzienteki ala ez, benetako klasikoak mutilen taldeei deritzegu beti. Sleater-Kinney-rengan eragin duten taldeak aipatzean mutilez osatutako talde pila bat datozkigu burura, baina mutil talde batengan eragin izan dutenen artean nork aipatuko du Sleater Kinney? Tira, inork ez…

Bizitzako beste hainbat alorretan bezala, genero berdintasuna ez da kopuru kontu bat bakarrik. Gizonezkook idatzi dugu historia orain arte, gizonezkook ezarri ditugu erregelak eta guk erabaki dugu zein maila dagokion talde bakoitzari... Hori ere aldatzen hasteko ordua dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.