Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Eureka

2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
The Hum izeneko blogetik lapurtu ditut Brandon Bayleyren hitz hauek, baina neureak egiten ditut erabat. «Nire nerabezaroaren bukaeraldera, Interneten aurreko egun lauso haietan, betirako soinu zirraragarrien bilaketan baliagarri izan zaidan ikasbide bat jaso nuen. Garai hartan musika berria aurkitzea zein zaila zen ahaztu egiten dugu sarritan. Google-ik ez genuen, ezta streaming-eko zerbitzu edo blogik ere. Aldizkari bereziak eta fanzineak lortzea, egungo kontakizunek iradokitzen dutena baino askoz zailagoa zen, eta disko dendek nekez izaten zituzten zuk entzun eta eros nahi zenituen diskoak. Informazioa ahotik belarrira pasatzen zen, eta norberak egindako aurkikuntza bakoitza ondo borrokatu beharreko lorpen bat zen. Orduan ikasi nuen gustuko nituen taldeak lagunarte interesgarrietan mugitzen zirela beti, eta, era horretan, egitasmo musikal berri bat aurkitzen nuen bakoitzean, metodikoki haien lanak plazaratzen zituen diskoetxearen diskografia arakatzen nuen, eta oso desengainu gutxi jaso ditut harrezkero.

Gure gizarteak singulartasun artistikoa miresteko joera du. Musika ederra nolabaiteko eureka magiko baten ondoriotzat hartuz, ahalegin kolektibo baten emaitza dela ahanzten dugu. Ondorioz, musika argitaratu eta banatzen dutenei bigarren mailako rola ematen diegu. Bidezkoa da, ordea, behingoz onartu eta aitortzea, diskoetxe horiek zuzentzen dituztenen ekarpen artistikoa musikarien parekoa izan daitekeela. Pertsona horiek esploratzaileak, maitaleak eta komisarioak dira, eta inguruko munduaz dugun ikuspegia aberasten dute egunero. Haiengatik ez balitz, musikazoragarri hori guztia ez litzateke munduko beste inon argitaratuko. Zaleok zor handia dugu haiekin».

Artikuluak Italiako Black Sweat zigiluaz dihardu bereziki, eta horrek uda honetan herrialde bereko Boring Machines diskoetxeko Onga-rekin izandako elkarrizketa eta hari esker ezagututako atzoko eta gaurko italiar musika ezkutu, psikodeliko eta esperimental itzela gogoratu dut. Miresten dudan beste edozein artistak bezainbeste eman dit Ongak, eta zor handia dut berarekin. Gauza bera hango eta hemengo horrenbeste diskoetxe eta denda arduradunekin ere. Eskerrik asko denoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.