Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Aurkikuntzak

2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Twitterren iragarri zuen: «23 urte bete baino lehen free jazzeko disko bat egin nahi dut. Bateria hutsez grabatutakoa izango da». Esan eta egin. Joan den abuztuan kaleratu zuen Rruccullak Istripuak diskoa, bateriari protagonismo osoa ematen dion lana. Chris Egan !!!(Chk Chk Chk) eta Ricky Lavadoren (Standstill, Nodozurdo) kolaborazioak izan ditu, tartean.

Rrucculla izen artistikoaren atzean Izaskun Gonzalez dago, 23 urte bete berriak dituen barakaldarra. Iazko Bilbo Hiria lehiaketa irabazi zuen elektronikaren arloan, eta, geroztik, berak sortutako musika elektronikoaren gainean bateria joz kontzertu bereziak eskaini ditu, Estatuko jaialdi ospetsuenetan, besteak beste.

Zuzenekoak sorkuntzarekin tartekatu ditu denbora honetan, eta nahiko modu konpultsiboan, gainera. Inor gutxik egin duena egin baitu: bi urtean sei disko kaleratu ditu, eta kritika harriturik utzi du bere talentuarekin. Musika martziano honen atzean free jazza, ordenagailu bidezko beat-ak eta hip hop arrastoak bereiz daitezke. Rruccullak adierazi duenez, ez dauka heziketa musikalik, eta, notetan eta akordeetan pentsatu ordez, formak, testurak eta koloreak irudikatzen ditu sortzeko orduan. Pintura abstraktuak eta Kandinskiren margolanek asko laguntzen omen diote. Omar Rodriguez Lopez The Mars Voltako musikaria du eredutzat.

Gaztea eta talentu handikoa daMarika Hackman britainiarra ere. I'm Not your Man izeneko bigarren diskoa kaleratu du aurten, eta aho bizarrik gabe hitz egiten du neska lagunarekin eta bikote ohiekin izan dituen harremanen eta sexu esperientzien inguruan. Lehenengo diskoko folk ukitua alboratu eta grungera eta popera hurbildu da oraingoan. The Big Moon taldearekin grabatu du diskoa, eta Charlie Andrew (alt-J) izan du ekoizle.

Bi musikari horiek izan dira nire opor garaiko aurkikuntzetako bi. Haurrak jostailu berri batekin bezala, denboraldi batez gainerako musika alboratu eta nobedadea den horrentzat bakarrik izaten ditut belarriak. Pixkanaka, berriz ere, normaltasunera itzultzen naizen arte. Momentu hori iritsi delakoan nago, eta zuek ere gozatuko dituzuela espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.