Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Matt, nola da posible?

2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Matt Mondanile, bere ile kizkur, intelektual betaurrekoez jantzitako begirada ameslari, gorputz argal eta itxura hauskorrez, halako gozotasun sentibera eta ia familiarra iradokitzen duen amerikar musikari bat da. Are gehiago, azken 10 urteetan, Real Estate eta Ducktails taldeetan edota bakarka plazaratu duen pop musika etereo, lauso eta arras ederra gogoan hartzen badugu. Edo hala iruditu zait niri behintzat. Bere diskoak eta zuzeneko emanaldiren bat ere plazer handiz gozatu izan ditut beti, azkenaldian arrastoa pittin bat galdua nuela onartu behar badut ere. Hori dela eta, ez nintzen bere garaian ohartu «sexu portaera desegokia» leporatuta Real Estate taldetik bota zutela, eta beraz, azken asteetako berriek erabat txundituta utzi naute. Hainbat emakumek urte hauetan guztietan pairatu dituzten sexu-abusuak leporatzen dizkioten salaketa piloa jaso baitu Mattek azken egunotan, portaera nazkagarri hori une bero bakan bateko ondorio ez dela garbi utziz.

Ez da kasu bakarra, eta zoritxarrez azkena ere ez da izango. Baina Matten izaera artistikoak, eta berekiko, bere itxura sentibera eta ameslari horrekiko, sentitu izan dudan gertutasunak bereziki mingarria egin du niretzat. Aurreritziak bultzaturik, horrelako ekintza lazgarriak beti besteen kontuak direla pentsatzera jotzen baitugu sarritan. Hip-hopero indarkeria zaleak edo rockero burugogor misogino topikoak. Eta ez da horrela. Benetazkoaren muturreraino joan gabe ere, gure inguruan ditugun Matt Mondanileren txantxa, komentario eta kontakizun matxistei irribarre behartua edo isiltasun hutsa eskaintzen diegunean, konplize bihurtzen gara eta bere jarrera azpiratzaile horri zilegitasuna ematen diogu, nahi ez badugu ere.

#nierebai lelopean, ausardia handiz, bere bizitzan sexu erasoak jaso eta isildu egin behar izan dituzten emakumeak aurpegia ematen ari direan bezalaxe, gure isiltasun koldarra onartu beharko genuke gizonezkoek ere, arazoaren dimentsio erraldoia behingoz ikus ahal dezagun. Beraz, #nierebai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.