Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Itzuli lehenaldia entzutera

2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Minutuko 24 bideo. 1.440 bideo orduko. 3.500 milioi bideo eguneko. Gizakiaren historia osoko irudi gordailu handiena den Youtuberen datuak dira. Sekula ez dugu hainbertze dokumentu eskura eduki, hainbertze informazio, hainbertze jakintza, eta, paradoxikoki, soziologoak kezkatuta daude intelektualki inoiz baino alferragoak garelako. Pilatutako dokumentuen kopuruak ez du inor adimentsuago egiten. Musika ere ez da fenomeno horretatik salbatzen. British Libraryk, adibidez, 25.000 soinu dokumentu jarri ditu on line azken urte gutxian, eta Soundcloud webguneak egunero soinuak zintzilikatzen dituzten 250 miloi erabiltzaile ditu. Sareko dokumentuen erabilerak arautzeko jurisdikzio transnazionalik ezean, milaka soinu eta musika agertzen da sarean une oro. Ezagunak nahiz ezezagunak, legezkoak edo ilegalak, argitaragabeak, berrinterpretatuak nahiz ebatsiak.

Baina, edukien kalitatearen gainetik, eskuratzeko gaitasuna lehenestean gailentzen zaigun antsietate amaiezinarekin batera, irizpideak galtzen ari gara. Berriki entzun diot zenbait irakasleri hori dela gaurko ikasleen kezka nagusietakoa: sareko neurrigabetasun erraldoi horretan zer entzun eta zer baztertu. Aukeraketa horiek zein irizpideren arabera egin jakiteko arazoak dituzte, eta, ondorioz, fenomeno honek eragindako deribak beti homogeneizazioaren alde egiten du.

Dena sarean dagoen garaian, musika zaharrak—anitzetan geure belarrietarako estreinakoz— gordetzen dituzten gero eta disko gehiago argitaratzen da. Honest Jon's eta Dust to Digital diskoetxeak dira horren eredu eta, aldi berean, diskogintza garaikidearentzako eredugarri. Musika zaharrak aurkeztean, egungo testuinguruan, ikuspegi kritikoekin dokumentatuta, pedagogia lan handia egiteko dugula erakusten digute argitalpen bakoitzarekin. Musiken aitzakian, entzuteko irizpide interesgarriak argitaratzen dituzte. Inoiz baino entzungai gehiago izan arren, inoiz baino entzule pobreagoak bihurtzeko arriskua dugun garaiotan, diskoak erresistentzia ariketa interesgarriak bihurtu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.