Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Maite

2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
David Byrneren Cómo funciona la música, kontakizun benetan atsegina izateaz gain, azterketa eta iradokizun benetan interesgarriz josita dago, nire ustez. Horien artean, grabatzeko baliabideak geroz eta merkeago eta eskuragarriago izatearen ondorioz artistek musika aurkezteko duten modua aldatu egin dutela dio. Grabaketa estudio erraldoi eta garestien garaian, diskoa grabatzea zen taldeen helburu nagusia. Kontzertuak taldea ezagutzera eman eta zorioneko diskoa grabatzera ailegatzeko baliabide ziren, eta, behin ailegatuz gero, disko horretako edukiaren errepikapen ahalik eta zehatzena bilakatu ere. Gaur egun kontrako bidea egiten da. Inoiz baino errazago grabatu eta Internetez hedatutako abestiak dira orain taldea ezagutzera ematen dutenak, eta kontzertuak abestiak birmoldatu eta hazten uzten jarraitzeko esparrua bilakatu dira, unean uneko komunikaziorako gaitasuna berreskuratuz.

Printzipio horrek ez du talde guztientzat balio, noski, baina asteburu honetan Urretxuko Kalegorrian jaialdian izan ditugun Za! eta Mursegoren emanaldiak azaltzeko primeran datorkit. Za!-ko mutilek diskoak grabatu arren, bertako edukia urruneko inspirazio bat besterik ez da, beren kontzertu bakoitzean teknikariak jarritako musika, eguraldia edo ñabardura xelebreena aitzakiatzat harturik inprobisazio umoretsu itzelak landu ahal izateko.

Mursego, antzera jokatuz eta umoretsu ere, askoz urrutiago ailegatzen dela esango nuke. Bere diskoko abestiak ikaragarrizko magnetismoz deseraiki eta berreraikitzen ditu gure aurrean. Eta berak bakarrik egiten du, gainera. Berak jotzen ditu instrumentu guztiak, berea da ahots bakarra, eta berak nahasten ditu soinu loop guztiak. Bere musika ezagutu eta ezagutzen ez dutenak txundituta uzten ditu. Mundu mailan, gizonezko edo emakumezko, artista gutxi dira Maite Arroitajauregirekin parekatu daitezkeenak. Horregatik, bere musikaren jabe eta gidari bakarra den emakumezko artista euskaldunaren kontzertu bakoitza historia puska txiki bat iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.