Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Parisko maiatzean

2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
11975/5/28: King Crimson eta Roxy Music pop-rock talde ezagunenetako bi dira. Robert Fripp gitarrista berritzaile bikainak zuzentzen du Crimson eta Brian Enok Roxyri bere nortasun erakargarria ematen dio. Fripp eta Eno, elkar ezagutu eta elkarlanean hasi berri dira, zazpi eguneko kontzertu bira txiki bat antolatuz Europako hainbat hiritan barrena. 28an Parisen dira. Ikusmina izugarria da, noski. Crimsonen indarra eta Roxyren sentsibilitatea uztartuko dituen superbanda berri bat espero dute askok. Saioa, aurretik grabatutako loop batekin hasten da. Bi musikariak azaltzen dira soilik agertokira, txaloak eta oihuak nagusitzen dira hasieran. Baina kontzertua aurrera joan ahala planteamendua ez da aldatzen, Frippek gitarra jotzen duen bitartean, gitarra horren soinua zuzenean moldatu eta beste loop batzuekin nahasten du Enok. Abesti edo piezen arteko hitzik ez dago, ezta bata edo bestea noiz hasi edo bukatzen den adierazten duen seinalerik. Txaloak eta oihuak isilduz doaz pixkanaka, askok kontzertua amaitu aurretik alde egiten dute, aztoratuta, aspertuta eta erabat nahastuta. Beste batzuek errebelazio baten moduan gogoratuko dute emanaldia. Gitarraren esperimentazio elektronikoaren zimenduak jarrita daude.

Opal diskoetxeak argitaratu berri du kontzertuaren grabaketa osoa, eta harrigarria da 40 urteren ondoren zein fresko, zein bizi eta zein ederra den bertako musika. Ikusle txunditu haietako bat izan nahia sentiarazten dizu, egia esan.

Azken batean, prefabrikatutako festibalen garai honetan, nork egin dezake Fripp eta Enok egindakoa? Eta, bide batez, posible al da moden itxurakeria eta zinismoan hazi eta sakelakoaren pantailari begira bizi den entzuleria baten aurreikuspen eta kontzeptu musikalak era horretan apurtzea? Parisko entzuleek onerako edo txarrerako izan zuten esperientzia pertsonal partekaezin eta errepikaezinaren zentzua galtzen ari gara, Facebookeko irudi eta bideo traketsetan murgilduta. Berrasmaketa baterako garaia ailegatu dela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.