Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

20.000

2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
20.000 egun, 54 urte gutxi gorabehera, bizi izan ditu Nick Cavek, eta zenbaki borobil hori aitzakitzat hartuz, film/dokumental bikaina zuzendu dute Iain Forsyth eta Jane Pollard-ek musikari australiarraren inguruan. Naturaltasunez, artista paregabe honen eguneroko bizitza nolakoa den kontatzen digute. Iratzargailua itzali, hortzak garbitu eta seme- alabekin telebista aurrean pizza jatea; kotxea gidatzen doan bitartean dituen gogoetak eta inspirazioak irudikatzea; edo bere oroimen intimoenak azaleratzen dituen psikologoarenean saio moduko elkarrizketa bat egitea. Une arruntak, hunkigarriak eta erabat magikoak ederki nahastuz.

Noski, bere jarraitzaile izateak filmaren ñabardura eta zehaztasun guztiez gozatzea ahalbidetzen du, baina ez da erabat beharrezkoa. Nickek uzten dituen iritzi interesgarrienak guztiz unibertsalak baitira. Bi dira benetan nire atentzioa deitu zutenak. Alde batetik, 30 urte baino gehiago zuzeneko emanaldietan aritu ondoren, oraindik ere atera aurretiko panikoa sentitzea duela, hori gainditzeko aurreneko ilaretako pertsonen begietara zuzenean so egin behar izaten duela, eta une hartatik aurrera bere burua galdu, eta denbora eta espazioaren zentzua galtzen duela onartzen du. Hori izugarria iruditzen zait. Eta bestetik, bizitzan gehien ikaratzen duen gauza zein den galdetzen diotenean, «oroimena galtzea» dela esateak, inpaktatuta utzi ninduen. Gutako bakoitza norberaren oroimenez osatuta dagoela dio, eta ni erabat ados nago.

Hamabi urte besterik ez nituen nire bizitzako lehen kontzertua ikusi nuenean. Itoizena izan zen, eta aurpegi zuri eta arropa beltzezko gazte guzti haiek bi metroko erraldoi liluragarriak izaten jarraitzen dute nire irudimenean; ez, aldiz, gaurko guraso atsegin eta arruntak. Era berean, Cancer Moon edo Los Bichosek garai hartako telebistan emandako kontzertu zirraragarriak ez ditut berriz Youtuben ikusi nahi, nahiago baitut nire oroimeneko distortsio koloretsuan gordetzea. Irudi horiek nireak soilik baitira, nire altxorrik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.