Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Massimo

2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Txundigarria da Massimo Riccik bere blogean zintzilikatzen dituen iruzkinen zorroztasuna, eta oraindik eta harrigarriago zorroztasun jakintsu horren atzean dagoen pentsaera bitxia. Massimok musika eta, oro har, soinua, bere espresiorik askeenean, entzun eta gozatzearen esperientzia biziki maite du. Grabaketa esperimentalak eta aurrerakoiak ditu gustuko, bai entzule baita egile moduan ere. Baina Massimok ez du inoiz diskorik argitaratu. Prentsa eta entzuleen onespena bilatzen duen egozentrismo hutsa dela dio. Massimorentzat, musika sortzeak eta entzuteak barneko prozesua behar du izan. Sasi-musikari eta sasi-kritikari gehiegi dago Interneteko demokrazia merkean. Arretaz eta patxadaz entzun eta interpretatzeko gaitasuna galtzen ari gara, kopiaren kopia diren doinu antzuen erdian eta izpiritu kritikoren arrastorik ez duten testu atseginen artean. Ordu laurdeneko ospe kuota warholianoa eskuratzea da gehiengoaren helburu bakarra.

Massimo urrunago doa oraindik. Hitzezko hizkuntza arrunta atzerapena dela dio, eta soinuaren bidez komunikatzeko dugun gaitasun ikaragarria mugatzen duela. Filosofia eta arte korronte ezagun guztiak arbuiatzen ditu, bere irizpide pertsonalaren arabera entzun eta balioztatzen ditu mundu guztiko musikariak bidaltzen dizkioten doinuak. Massimok sare sozial guztietatik at mantentzen du bere burua. Haren bloga irakurtzea inspiragarria eta liluragarria da, baina pittin bat beldurgarria ere bai. Zer pentsatu eman arren, funtsean, salatzen duen egozentrismo berberaz kutsatuta dagoela uste dut.

Peter Brotzmann margolari eta saxo jotzaile handiari entzun dizkiodan hitzak ezin hobeto datozkit une honetan: Ā«Margotzea ariketa bakarti eta erosoa da. Baina jende aurrean musika jotzean ez dago atzera egiterik eta horrek zure onena ateratzera behartzen zaitu eta, aldi berean, musikari eta pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera ematen dizuĀ». 74 urte, milaka disko argitaratuta eta gaztetxo baten kemena eta esperimentatzeko grina du Brotzmannek. Hori bai dela inspiragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.