Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Minimalismoa

2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Nire inguruko munduarekiko eroso sentiaraztennauen literaturarik aurkitzeko gai ez naizen unean, musika misteriotsu eta magikoetan murgiltzeak ematen dit irtenbide bakarra».

Hua Hsu kazetariaren zutabe bateko hitzak dira hauek, New Yorker aldizkarian eta AEBetako lehendakaritzarako hauteskunde kanpainaren hitz-jarioak eragindako nazkaz idatzi ditu. Pop abestien hizkuntza xinplea sarritan lagungarria izan den arren, egungo gehiegikeria honetarako erantzunik ez duela dio. «Ondorioz, musika minimalista pilo bat entzuten hasi naiz. Lasaitasun eta pazientzia infinituaz, nire begien aurrean irudi eder baten marrak behin eta berriro errepasatzen ditudala dirudi, erretinan grabatuta geratzen zaizkidan arte. Kontsolamendua eta mistifikazioa dakarzkit, eta ordubetez, Interneteko bizimodu frenetikotik aterarazten nau. Haurtzaroko txelo praktikak gogorarazten dizkit, pasarte berbera behin eta berriro errepikatze hura, aurrerapauso bat emateko prest sentitzen nintzen arte».

Julius Eastmanen Feminine disko zoragarriaren argitalpena da zutabe horren eragile nagusia eta, zoritxarrez, Julius Estaman-en grabaketa ezagun bakarra. Julius Eastman, 1970eko hamarkadako New Yorken, minimalismoa, abangoardia eta pop izpiritua uztartu nahi izan zituen musikari aparta izan zen. Baina, beltza zen eta, gainera, homosexuala. Arte giro aurrerakoi eta ustez, jasanbera hartan, aurreiritzien mespretxua baino ez zuen jaso, eta, etsipenak jota, bere obra gehienak zakarrontzi batera bota zituen.

«Katarsi edo klimaxik ez egon arren, Femenine arretaz entzutean, euforia moduko zerbait sentitzen hasten zara. Haren musika, beste modu bateko politika da. Bere desira irudi bihurtu, eta hura marrazten du, eta duintasunezko etorkizun batera eramango duen pasabidea balitz bezala behin eta berriro marrazten du irudi berbera». Ezin egokiagoak iruditzen zaizkit Hua Hsuren hitzak eta, gaur, hemen, euskal hauteskundeak igaro diren honetan, politikarien hitz-jario teknizista, hanpatu eta hutsalaren aurrean, eguneroko auzolan isil, duin eta minimalistaren beharra gogorarazten didate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.