Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Zortea

2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ez dakit ohartzen zareten zenbaiterainoko zortea duzuen». Horixe esan ziguten lehengo asteburuan Camille taldeko musikariek. Zaragozakoak dira (Espainia) eta Ondarroako gaztetxean jo zuten gurekin, Korrika kulturalaren aitzakian. Afalorduan tertulian egon ginen, eta hori izan zen behin eta berriz errepikatzen zuten ideia: zortea genuela Euskal Herrian bizitzeagatik. «Zergatik?», galdetu genien harridura pixkat batekin. «Bada, hemen herri guztietan dagoelako aukeraren bat kontzertuak emateko, edonolako taldea izanda ere. Kotxea hartu eta ordubetean jotzeko leku pila duzue», azaldu zigun Asier Ruiz baxu jotzaileak mirespenez.

Zaragozan bestelakoa omen da egoera. Hiriburuan bertan areto handiak eta dotoreak dira nagusi, zaila omen dute talde hasiberriek bidea egiten. Arrebato autogestionatua omen da salbuespen bakanetakoa. Gainera, haien esanetan, herrietan ez dago kontzertuak eskaintzeko modurik; hiritik aterata, desertu baten parekoa da kontzertuen zirkuitua Aragoin. Hori dela eta, eurak askotan Euskal Herrira etortzen dira, autoz bi orduko bidaia eginez. Euskal Herriarekiko mirespena nabari zaie euren musikan ere. EP bat Xuto (2013) eta disko bat La bella teoría (2015) dituzte kaleratut,a eta azkenengo lanean euskaraz abestu dute kantu bat, eta aragoieraz beste pare bat ere badituzte. Kontzertuan Dut-en bertsio batekin oilopurdia jarri ziguten han bildutakoei.

Etxera bueltan, bihurgune eta bihurgune artean, ohartu ginen arrazoi zutela, hemen bezain agenda betea ez dela erraza leku askotan aurkitzen. Gaurtik Aste Santurako ekitaldien zerrenda begiratzea besterik ez dago, herriak bakarrik kontuan hartuta: Azkoitian (Gipuzkoa), Bebarruko jardunen barnean, Muskulo taldeak joko du gaur; Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulo gaztetxean, Hirnsaulek eta Vetok bihar, astelehen buruzuribatean; eta Igorren (Bizkaia), Gazte akelarrea antolatu dute ostiralean, Willis Drummond eta Soziedad Alkoholika taldeekin, batzuk aipatzearren. Askotan, kanpoko baten ikuspegia behar izaten da, norberarena gehiago estimatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.