Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Kendrick

2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Zale amorratua naiz, eta birritan ari naiz The Wire telesaileko kapitulu guztiak ikusten. Gaurko saioaren ondoren, ordea, benetako Baltimore da Teleberriko irudietan sutan ageri dena. Kazetarien azalpen handirik ez dut behar gertatzen ari denaz jabetzeko. The Wire-k ederki marrazten baititu AEBetako sistema politiko eta ekonomikoaren mugak. Aukera librearen eta diskriminazio positiboaren azpiko arrazismo zikina zorroztasunez salatzen du. Bost axola alkatea edo polizia burua afroamerikarra izatea, nigger-en gehiengoa bigarren mailako bizitza, auzo eta eskoletara bultzatzen du-eta sistemak. Droga saltzailea, kirolari aparta edo hip hop izarra izatea baino ez dute aukeran gazteek eta umeek. Gaindosi batek hila, alkoholizatuta, espetxean ustelduta edo sistemaren zirkuan pailazo, horra aukerak. Poliziaren indarkeria gehitzen badiogu koktel honi, nola ez dira bada altxatuko?

Egungo hainbat hip hop artistek gangsterren egozentrismo matxistaz beteriko doinuez bonbardatzen dute gazteria. Ezbairik gabe, musika itzela kasu askotan, baina sistemaren topiko guztiak sendo mantentzen dituena, aldi berean. Bada, hala ere, eredu hortatik ihesi, musika are zoragarriago egiteko gai den Compton auzoko gazte bat. Milioi bat disko baino gehiago saldu eta Grammyak irabazi arren zirkuan parte hartu nahi ez duen mutil bat. Afroamerikar tradizio aberatsa ikasiz, zainduz, eguneratuz eta inor ez bezala nahastuz, Marvin Gayeren pareko maisulana plazaratu du, gainera. Kendrick Lamarr du izena eta To Pimp a Butterfly da bere disko berria. Iskanbilaren erdian, bera izan nahi du, besterik gabe. Bere jatorrizko auzo, kultura eta gizarteaz harro, mezu positibo boteretsua iragarri du bere auzokideentzat: zure kultura maite, zure lana maite.

Iazko PrimaveraSounden eman zuen kontzertu izugarriaren oroitzapenak, rockaren eragin ezan, underground/mainstream borrokan eta komertzialtasunaren inguruko eztabaidatan denbora gehiegi galtzen dugula pentsarazi dit, bai AEBetan eta bai hemen ere. Funtsean, maite duguna ez dezagun ahatz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.