Ilargi Agirre.
Musika. BI AHOTSETARA

The Fall

2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Denboraren makinan atzera bidaiatzeko aukera edukiko banu, musikaren historiako hainbat data aukeratuko nituzke lehen pertsonan bizitzeko, eta horietako bat da 1976. urte ingurua Manchesterren (Erresuma Batua). Rockaren historia aldatu zuen kontzertu batera joango nintzateke, batez ere, Sex Pistolsek hirian eman zuen lehen kontzertura. 42 lagunen aurrean jo zuten orduko hartan. Publikoan zeudenen artean sortu ziren handik gutxira historian aztarna utzi zuten hainbat talde: Joy Division, The Smiths, Buzzcocks eta The Fall, esaterako.

Aste honetan hil da, hain justu, Mark E. Smith, The Fall taldeko sortzaile eta liderra. 60 urte zituen, eta iazko udatik zebilen biriketako arazoekin. 1977an sortu zuen taldea, Manchester gain behera zihoan unean. Garai hartan etorkizunik gabe sentitzen ziren gazte askoren bizilekua zen hiria, grisa eta industriala, eta ezinegon hori punkaren bidez ateratzea zuten xede.

Albert Camusen nobela batetik hartu zuten izena, eta hasieran punk gordina egiten bazuten ere, denborarekin post punk ukitu handiagoa hartu zuten. Taldeak inoiz ez zuen arrakasta komertzial izugarririk lortu, baina bazuen publiko leial bat. 32 disko argitaratu dituzte lau hamarkadatan. Dragnet, Totale´s Turn, Perverted by Language eta Cerebral Caustic dira aipatu daitezkeen batzuk.

Nolanahi ere, bere izaera zailarengatik eta alkoholarekin egiten zituen gehiegikeriengatik zen ezagun E. Smith. The Fall taldetik 66 musikari pasatu dira ibilbide osoan. Gehiegi pentsatu gabe botatzen zituen edo musikariak beraiek alde egiten zuten liderraren jenioa aguantatu ezinda. Bere burua kenduta, guztiak ziren ordezkatzeko modukoak. Behin kazetari bati hauxe adierazi zion: «Zure amona eta ni, biok bakarrik bongoak jotzen hasten bagara oholtza gainean, orduan The Fallen kontzertu bat da».

1970eko amaieran Manchesterren zegoen musika giro hori oso ongi kontatzen du 24 Hour Party People filmak. Mark E. Smithek ere parte hartzen du une batean. Denboraren makina asmatu bitartean, behintzat, halakoekin konformatu beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.