Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Linda

2016ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Urteetan ulertezina eta aspergarria iruditu arren, egun biziki maite dut free-jazz musika. Ezin estimagarriagoak zaizkit bere baitan diren arriskua eta kuriostasun amaiezina. Tarteka, azken egunotan pasatu zaidan legez, beste ezer entzun edota erosi ezineko boladak izaten ditut. Albert Ayler, William Parker eta Wadada Leo Smith artista handiak ezin ditut burutik kendu. Etxeko disko zahar, berrargitalpen dotore edo lan berri txundigarrietan barna, estreinako entzunaldia edo hamaikagarrena izateak bost axola dit. Harridura, lilura eta zirrara beti da berbera, eta beti da berria.

Hala ere, oraingo honetan disko zehatz batek berebiziko eragina izan du nigan. Linda Sharrock abeslari beteranoak, 2009an bihotzeko latz bat gainditu eta gero, hil honetan bertan plazaratu duen disko berriak, hain zuzen ere. Linda, 1970eko hamarkadako free-jazzaren mito txiki bat izanik, Sonny Sharrock, senar ohiaren ondoan ezagutarazi zuen bere burua, protagonismo eta oihartzun handiegirik gabe. Baina The Abissitty of the Grounds izeneko disko berri honetan laukote gazte esperimental bat hartu du lagun, eta, haren ahotsak, bihotzeko hark ahulduta ia hitzik gabeko auhen bat bada ere, sakon, beldurgarriki beltz eta protagonista dirau bi ordu luzez. Gozagarri bezain deseroso. Izugarri bezain goxo.

Baina, bi ordu horiez entzutea beharrezkoa da deserosotasuna eta izua gainditu eta gozatzen hasteko, edo agian zuk zeuk ere burua galdu eta zoratu ahal izateko. Linda Sharrocken musika minutu bakar batez Youtuben entzunez gero, haren garrasiak ikaratu egingo zaituzte, eta, Albert Ayler saxoarekin jolasean dabilen zoro bat delakoan, ziria sartu dizutela pentsatuko duzu. Aldi berean, musika emanaldi baten aurrean zer jazoko den ez jakiteak edota denbora luzez gure atentzioa guztiz eskatuko duela jakiteak izugarrizko antsietatea sorrarazten digu. Satisfakzio azkar eta ezagunetara kateatuta gaude, eta ez gara inoiz ase sentitzen. Baina deserosotasuna gainditu ondoren, opari handi bat da hor, eskuragarria eta inoiz ikusi duzun beste ezer baino askoz ederragoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.