Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Udaberria

2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Primavera Sound jaialdian izan naiz asteburu honetan, eta ederki gozatu dut. Zalantzarik ez dut alde horretatik, eta, datorren urtean errepikatzeko asmoa izan arren, zurrunbilo ikaragarrizko amets honen biharamunean nire gogoetak nahasiak dira hainbat alorretan. Alde batetik, Can Vives-en jazotzen ari zena jakitea, babesle multinazionalen publizitateen diruarekin bermatutako baliabide tekniko ikusgarri haien artean nenbilen bitartean, deseroso eta pitin bat hipokrita egin zitzaidan une askotan.

Horretaz gain, bere buruaplural, arriskatu eta berritzailetzat duen jaialdi horrek egin duen artista aukeraketari buruzko eztabaida bat ere badago. Hainbat blogetan azaldu den analisi estatistiko batzuen arabera, parte hartu duten taldeen %89 gizonezko zuriz zeuden osatuta; neurri handi batean, 40 urtetik gorakoak ziren horiek, eta, gainera, hamar urte baino gehiago zeramatzaten elkarrekin.

Teorian, behintzat, nahiko kontraesan handia dela iruditzen zait. Eta, egia esan, Sun Ra Arkestra, Seun Kuti, St Vincent eta Julia Holter-enak, nire iritziz, saio zirraragarrienen artean egon zirela kontuan izanda, ados nagoela esan beharko nuke. Baina The Ex eta Shellac 50 urte inguruko gizonezko zuriz daude osatuta ia guztiz, eta kontzertu fresko, kitzikagarri, itzelak eman zituzten haiek ere. Beraz, argumentu horrekin ez nator bat. Arraza edo adinaren gainetik, benetako gakoa jarrera izaten baita.

Benetan arduratu nauena, egia esateko, beste gauza bat da. Agertoki batetik besterako nora ezean helburu garbi baten falta sentitu dut sarritan. Zein da jaialdiaren irizpide estetiko eta ideologikoa, azken batean? Musikari ezagunak goratu edo berriak bultzatu nahi ditu, ordea? Benetako entzule, artista eta estilo nahasketa bilatzen al du?... Ez daukat erantzun garbirik. Nonbait irakurri dut jaialdiko artista guztiak (eta munduko gehienak) bizpahiru agentziak kudeatzen dituztela eta horiek agindutakoa dela azken batean programatzen dena. Baieztatzeko daturik ez dudan arren, nire kezkarako erantzun logiko bezain beldurgarria litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.