Xabier Erkizia.
BI AHOTSETARA

Itzulipurdi

2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Arte garaikidearen inguruko polemika sentsazionalistei sinpatia gehiegi ez diedan arren, grazia egin izan didate Banksyren noizean behingo jolas batzuek. Artelanak kaleko merkatu batean salgai jartzeko iazko saiakera datorkit burura, adibidez. Bere grafitiak zituzten Londresko eta Tottenhameko pareta puskak artelan gisara saltzeko kaletik ebatsi, eta hilabete gutxitara artearen merkatuaren urritasunean eta esklusibitatean oinarritutako logika agerian uzteko ariketa sinplea bezain argigarria izan zen merkatukoa. Bertze edozein lekutan milaka dolar balioko luketen obrak eszenatokiz, eskaparatez, merkatuz aldatuz gero, balio guztia edo ia guztia galtzen dutela erakutsi zuen. Ados, ez da ideia berria, (ia) denok dakigu: agertokiak egiten du izarra, eta ez aldrebes.

Musikan ere artean bezalatsu gertatzen da. Artearen merkatua logika horretatik urrunxeago kokatu arren, ez dirudi musika komunikazioaren garai berrien amarruetatik libratzeko gai denik. Erraterako, irratilariari entzun diot, behin eta berriz errepikatzen bere eszenatokitik, kantu batek «sekulako arrakasta» izan duela. Zenbat da sekulako arrakasta? Nola neurtzen da? Zeren arabera? Aspaldian debaluatu ziren garai bateko urrezko, zilarrezko eta brontzezko disko dirdiratsuak, beraz, honezkero zaila da arrakasta disko salmenten arabera neurtzea. Ze eszenatokik ematen dio arrakasta musikariari? Etorkizuneko kontzertuetarako sarreren aurresalmentak? Jasoko dituen txalo zaparraden iraupenak? Merchandising salmentak? Eragindako txio kopuruak? Facebookeko lagunen zerrenda denbora errekorrean loditzeak? Youtube-ko bisitari kopuruak? Edo egile-irudi eskubideen kontzeptuan bilduko dituen dirutzen aurreikuspenak?

Orain gutti arte musikak erabiltzen ziren iragarkiak egiteko, produktuak saltzeko. Musikak erakartzen eta sortzen zuen bezeroa. Orain produktuak eta iragarkiak erabiltzen dira musika saltzeko. Produktuak egiten du musika. Hark ematen dio musikari arrakasta. Hori bai, sekulakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.