Koronabirusa

Koronabirusak 250 milioi kasuren langa gainditu du munduan

Munduko herritarren erdiek ez dute hartu oraindik txertoaren dosi bat ere. Izurriak okerrera egin du Europa ekialdeko herrialdeetan

arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Kutsatzeak azkartu egin dira azken hiru hilabeteetan, eta beste 50 milioi kasu atzeman dituzte uztailetik —COVID-19a agertuz geroztik, urte bat behar izan zen kasu kopuru horretara heltzeko; horiekin, 250 milioi pasa dira pandemia hasi zenetik atzemandako koronabirus kasuak. AEBak daude oraindik ere zerrenda beltzaren lehen tokian, eguneko 72,474 kasurekin eta 1.229 hildakorekin. Europa ekialdeko herrialdeetan, baina, egoerak okerrera egin du azken asteetan: Errusian 40.186 kutsatze zenbatzen dituzte egunero, eta 1.182 hildako. Han, itxi egin dituzte enpresa asko, eta langileak azaroaren 11ra arte oporrak hartzera behartu, baina gobernuak ez du baztertzen murrizketa gehiago egitea.

Europako beste hainbat herrialdetan ere okerrera egin du egoerak, besteak beste Alemanian eta Bulgarian. OME Osasunaren Mundu Erakundeak joan den astean ohartarazi zuen Europa bilakatu dela berriz pandemiaren erdigune. Europa ekialdeko herrialdeetan, txertaketa motel doa. Munduan atzematen diren kutsatzeen ia erdiak Europako herrialdeetan detektatzen dira—lau egunetik behin, milioi bat kasu atzematen dituzte—.

«Datorren urte amaiera bitartean, birusa kontrolpean hartu beharko genuke. Tarte horretan gai izan beharko genuke gaitzaren ondoriorik larrienak eta heriotzak eragozteko», adierazi zuen OMEko epidemiologo Maria Van Kerkhovek, joan den astean egindako agerraldi batean. Horretarako, baina, txertaketa nabarmen azkartu beharko litzateke. Our World in Data webgunearen arabera, munduko populazioaren erdiak ez du oraindik hartu txertoaren dosi bakar bat ere; garatzeko bidean diren herrialdeetan, soilik herritarren %5ek hartu dute dosiren bat. Nigeria da txertaketa arazoak dituzten herrialdeetako bat. OMEk helburu gisa jarri zuen urte amaierarako garabidean dauden herrialdeetako biztanleen %40 txertatuak izatea. Nigerian, baina, 206 milioi herritarretatik %1,5ek soilik hartu dituzte bi txertoak orain arte, nahiz eta irailean Munduko Bankuak iragarri 400 milioi dolarreko funts bat sortuko zuela txertoak modu seguruan eskuratu eta banatu ahal izateko.

Ezinezko xedeak

OMEren Afrikarako arduradun Matshidiso Moetik urri hasieran ohartarazi zuen nazioarteko erakundeak jarritako helburua ez zela bideragarria Afrikan: «Txertaketa aurreratuen duten herrialde gehienek irabazi handiak edo erdi mailakoak dituzte, eta zuzenean egin dituzte akordioak txertoak ekoizten dituzten enpresekin». Herrialde guztietako biztanleen %10 txertatuta egotea zen OMEk irailerako jarritako xedea, baina 50 estatu baino gehiagok huts egin dute, tartean Afrikakoak. Han, herritarren %4,4 soilik zeuden txertatuta irail hasierarako. Iparraldeko estatuetan, berriz, txertaketa askoz aurreratuago dago: herritarren %66k txertoa hartua dute Erresuma Batuan, eta %62k EB Europako Batasunean.

Iparraldeko herrialde aberatsagoek konpromisoak hartu zituzten urte hasieran garapen bidean dauden estatuetara txertoak bidaltzeko. G7ko kideek eta EBk, esaterako, iragarri zuten mila milioi dosi banatuko zituztela Covax programaren bitartez, baina irail amaierarako soilik %15 heldu ziren. Programaren arazo nagusia da, hala ere, Indiako Serum institutuak ekoizten dituela banatzen dituzten txertoetatik gehienak, eta erakunde horrek esportazioak gelditu egin zituela apirilean, etxeko eskaerari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.