Albistea entzun

Nerea Zuluaga Mauri. Jauzi Ekosozialeko talde eragileko kidea

«Ekologismoaren erronka herrietatik mugimendu nazional batera jauzi egitea da»

Jauzi Ekosozialak mugimendu ekologista prestatu nahi du tokiko lan ildoetatik maila globalagoko auziei erantzun bat emateko. Gizarteari tresnak eskaini nahi dizkiote krisi ekosozialari erantzuteko.

BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2023ko urtarrilak 18

Jauzi egin nahi du Hego Euskal Herriko ekologismoak, gizarte mugimenduetara jauzi eta maila globaleko erantzunak emateko ahalmenean jauzi. Portugaleteko (Bizkaia) Ekotopaketetatik hiru hilabetera aurkeztu dute Jauzi Ekosoziala. Agendan ditu lehen mobilizazio kanpainak. Aurreko eta hurrengo hilabeteetako gorabeherez aritu da Nerea Zuluaga Mauri (Bilbo, 1994).

Hiru hilabete pasatu dira Ekotopaketetatik. Zertan aritu zarete denbora tarte honetan?

Jendearekin bildu gara, eta, bereziki, haiekin harremanetan jarraitzeko egin dugu ahalegina. Hasieran batzar orokor bat egin genuen, eta jende dezente elkartu ginen. Hor hasi ginen hilabete hauetako bidea diseinatzen. Erabaki genuen herrialdeka taldeak antolatzea. Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan talde bana osatu genuen. Hilabetean behin batzar orokor bat egiten dugu, eta, horrez gain, bada talde eragile bat, batzar ireki horietara proposamenak eramateaz arduratzen dena. Harreman handiko prozesu bat izaten ari da, oso parte hartzailea, eta horretan erabaki dugu oraingo kanpaina abiatzea eta aurrera begira gogoeta sakonagoak egitea ekologismoaren barruan.

Zergatik Jauzi Ekosoziala?

Bost izen proposamenen artean bozkatu dute gure kideek, eta Jauzi aukeratu dute. Uste dugu hitz joko polita dela, eta gauza ezberdinak adierazten dituela. Adibidez, herrira eta mugimendu sozialetara jauzi egiteko gogoa erakusten du; eta, bestetik, ekologismoaren barne prozesuan ere jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat egin nahi duelako.

Zergatik jauzi ekosoziala eta ez ekologista?

Ekologista ere izan zitekeen, baina, beharbada, ekosozial hitz horren bidez, ekologismoa auzi sozialekin lotu nahi dugulako, eta adierazi nahi dugulako krisi ekologikoa krisi soziala ere badela. Euskal Herrian ekologismoa apur bat bazterreko mugimendu bat izan da gizarte mugimenduetan, hippyen kontu bat nolabait... Guk gizarteari adierazi nahi diogu eragiten dioten gatazka asko ekologia krisiarekin lotuta daudela.

Lehen kanpainan energia krisia duzue ardatz, eta pobrezia energetikoa jarri nahi duzue agerian, salatuz konpainia elektrikoen mozkinak.

Haien luxua, gure fakturak kanpaina horrekin adierazi nahi dugu pobrezia energetikoa egoteko beste batzuk aberastu egin behar direla. Garrantzitsua iruditzen zaigu bi ertz horien arteko harremana bistaratzea. Klima larrialdiaren ondorioz desazkundera jo behar dugula esaten da. Gutxiago kontsumitu behar dugu, bai, baina batzuek euren kontsumoa gehiago gutxitu beharko dute beste batzuek baino: aberatsek, milioidunek, futbol jokalariek, esate baterako, asko gutxitu beharko dute kontsumoa... Espainian, aberatsek bost aldiz gehiago kutsatzen dute herritar arruntek baino. Denak gara klima krisiaren erantzule, baina batzuek erantzukizun handiagoa dute.

Alegia, trantsizio energetikoa justizia sozialarekin lotu nahi duzue.

Erakutsi nahi dugu ekologismoa guztiz lotuta dagoela mugimendu sozialekin, justizia sozialarekin.

Herrialdeka antolatu zarete. Asmoa al duzue herrietara jauzi egiteko ere?

Herri ezberdinetako jende asko biltzen gara, eta badago harreman hori tokiko eragileekin, gutako batzuk horietan ere ari garelako lanean. Oraingoz homogeneizatu nahi dugu gure jarduera. Erakutsi nahi dugu Hego Euskal Herria bateratuta dagoela ekologismoaren aldetik, eta, beraz, momentuz, indarra jartzen ari gara batzar orokor horietan. Ekologismoa betidanik izan da tokiko dinamikei lotutako mugimendu bat, eta hori uste dugu ez dela galduko. Gure iritziz, erronka gaur egun alderantzizkoa da, hau da, herrietatik mugimendu nazional edo globalago baterako urratsa egitea.

Hau da, analisi eta erantzun komunak nahi dituzue bultzatu.

Etorriko diren krisiak zuzenean lotuta daude krisi ekosozialarekin. Orain, energia dela-eta, esaterako, petrolioarekin lotutako bizitzaren garestitzea gertatzen ari da... Aldaketa orokor eta sakonagoak eragiteko gai izan behar du ekologismoak. Helburua hori litzateke. Feminismoa, euskalgintza edo langile mugimendua gai dira aldaketa garrantzitsuak gidatu eta bultzatzeko. Uste dugu 1980ko hamarkadatik hona ekologismoari hori falta izan zaiola agian. Azken hamarkadetan tokiko borroketan murgilduta egon da mugimendu ekologista, eta garai honek eskatzen du jauzi kualitatibo bat ematea.

Ekainerako zerbait berezia duzue buruan, ezta?

Ari gara gogoeta egiten horren inguruan. Ekainaren 3an, beharbada, ekitaldi bat egitea, mugarri zentralizatu bat, Euskal Herriko ekologista orori batzeko aukera emango diona. Ez dakigu zer izango den, mobilizazio bat edo beste zerbait, baina bai, ari gara zerbait antolatzea pentsatzen.

Portugaleteko Ekotopaketetan gazte jende asko bildu zen. Ari al dira gazteak hurbiltzen zuen lan egituretara?

Gazteek ekarpen interesgarriak egin zituzten Ekotopaketetan, baina hurrengo prozesuan ez dira hurbildu. Gogoeta egiten ari gara nola erakarri. Oraingoz biltzen ari garen gehienak 30 eta 40 urte bitartekoak gara. Gazteak beste mugimendu batzuetan dabiltza, edo beste kezka batzuekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatu Medikoko ordezkariak, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Sindikatu Medikoak ezezkoa eman dio Osasunbidearen eskaintzari, eta eskaerak gogortu ditu

Ion Orzaiz

Sindikatu ultrakontserbadorea ez da azaldu Nafarroako Gobernuarekin zuen bilerara, eta esan du biharko greba deialdiari eutsiko diola «eskaintza zoragarri bat jaso ezean»

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean ©Gorka Rubio/ Foku

Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etengo die ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

Edurne Begiristain

Jokin Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla. Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik.

Araban %70eko jarraipena izaten ari da greba, letradu elkarteen arabera. ©Juanan Ruiz / Foku

Epaitegiak «kolapsatuta», letraduen grebaren ondorioz

Maite Asensio Lozano

Hego Euskal Herriko letraduek astea bete dute gaur greba mugagabean. Soldatak igotzeko eskatu diote Espainiako Justizia Ministerioari.

Galduriko emakumea bilateko operazioan parte hartu duen lagileetako bat. ©SOS Deiak

Hilda topatu dute Loiun galduriko emakumea

Berria

Igandetik ari ziren 78 urteko andrearen bila.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...