DONOSTIAKO METROA, URTEZ URTE

2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
2009
Uztailak 13: Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu Iñaki Arriolak bilera bat egin zuen Donostiako Udaleko ordezkariekin, eta han azaldu zien metroa egiteko nahiaren berri. Orduko asmoen arabera, proiektuak 4,3 kilometro luze izango zituen, eta hiru geltoki nagusi: Ibaetako campusekoa, Antiguakoa eta Kontxakoa. Easo plazako geltokia lurperatu egingo lukete. Horrez gain, Intxaurrondo, Loiolako Erriberak eta Altza auzoetan ere geltokiak egitea aurreikusten zuten.
Irailak 28: Lankidetza ituna sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak, metroaren lanak erdibana ordaintzeko. Ekitaldian izan ziren Arriola eta Arantxa Tapia, orduko Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolamendurako diputatua.
Urriak 14: Donostiako metroa nola egin aztertzeko lehiaketa irabazi zuten Euroestudios eta Sestra ingeniaritza enpresek osatutako ABLE aldi baterako laneko enpresen elkarteak. Bi milioi euro jaso zituzten azterketa egiteko, eta hemezortzi hilabeteko epea txostena aurkezteko. Lanak 2011ko udaberrian hastea aurreikusi zuen Arriolak.

2011
Abenduak 20: Gipuzkoako Aldundiak atzera egin, eta metroaren proiektua ez finantzatzea erabaki zuen. Maiatzean izandako foru eta udal hauteskundeetan, Bilduk lortu zuen agintea aldundian eta Donostiako Udalean. Horrek egoera aldatu zuen, Donostiatik trena lur azpitik igarotzeko proiektua ez baitzuten begi onez ikusten koalizioko buruzagiek. Aurretik, Eusko Jaurlaritzak proposamen berria helarazia zion aldundiari, aurrekontua merkatzeko eta metroaren proiektua orduko egoera ekonomikora egokitzeko.

2013
Urtarrilak 30: 2012ko urriaren 21ean egindako Eusko Legebiltzarrerako bozek aldaketa ekarri zuten Jaurlaritzara: EAJ itzuli zen agintera. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburu izendatu berriari elkarrizketa egin zioten Euskadi Irratian, eta han esan zuen ez zela «proiektu faraonikoetarako garaia», eta Donostiako metroaren proiektua alboratu zuen: «Denon artean pentsatu behar dugu zein den Donostia alderako garraiobiderik onena».
Otsailak 21: Eusko Legebiltzarrak Donostiako metroaren lanak eta adjudikazioak eteteko eskatu zion Jaurlaritzari. Eskaera horretan bat egin zuten EAJk eta EH Bilduk. Lugaritz-Kontxa eta Kontxa-Morlans zatietako obrak eta kontratuak etetearen ondorioz 1,5 milioi euroko kalte-ordainak eman behar izan zizkieten hainbat enpresari.
Irailak 9: Ekonomia sustatzeko akordioa sinatu zuten EAJk eta PSE-EEk, legegintzaldiko lehen akordio handia Iñigo Urkulluren gobernuarentzat. Bertan Donostiako metroaren proiektuari berriz heltzeko asmoa jaso zuten.
Azaroak 26: 2014ko aurrekontuak hitzartu zituzten jeltzaleek eta sozialistek, eta urte horretan Donostiako lanak berrekingo zituztela adostu. 2,7 milioi euro jarri zituzten lanak hasteko.

2015
Maiatzak 29: Udal eta foru hauteskundeak egin eta lau egunera, proiektua aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak. Donostiako Udalak informazioa jendaurrean jakinarazteko eta alegazioak egiteko epea hiru astez luza zezala eskatu zion Jaurlaritzari. Donostiako zatia egiteko lanek 185 milioi euroko aurrekontua izan zuten.

2016
Uztailak 2: Oregik adierazi zuen proiektua atzeratu egingo zela, baina egitasmoa erabat babesten zuela berretsi zuen. Donostiako metroa 2022rako martxan egongo zela aurreikusi zuten.

2018
Otsaila: Lugaritz-Mirakontxa zatiko lanak egiten hasi ziren. 38,1 milioi euroan adjudikatu zituzten.
Martxoa: Easo-Mirakontxa arteko zatiko lanak egiten hasi ziren. 53,2 milioi euroan eman zituzten obrak.

2019
Apirilak 8: Donostiako metroko lanak gauez ez zituztela egingo esan zuen Eneko Goia alkateak. Hilabete eta erdi lehenago, Amara Zaharra auzoko bizilagunak kexatzen hasi ziren gauetan lanak egiteagatik sortutako zaratengatik.
Uztailak 15: ELAk Lan Ikuskaritzan lau salaketa jarri zizkien Mirakontxa-Easo arteko lanak egiten ari ziren enpresei. Sindikatuaren arabera, beharginak hamabi eta hamazazpi ordu arteko lanaldiak egiten ari ziren.
Irailak 3: Lugaritz eta Mirakontxa lotuko dituen linearen lanak amaitu zituzten. Donostiako metroko tunela Benta Berriko geltokiarekin lotu zuten.
Azaroak 15: Donostiako metroko lanak ikertzen hasi zen Gipuzkoako Fiskaltza, eta txosten zehatzak eskatu zizkien Jaurlaritzari eta proiektuaren egileari. Satorralaiak urriaren 22an aurkeztu zuen salaketa, esanez ez zirela betetzen ari eraikuntza lanetako arauak eta gomendioak. Salaketa artxibatu egin zuten 2020ko otsailean.

2020
Urtarrilak 17: Amara Zaharreko geltokia egiteko zulaketa lanak amaitu zituzten. Denetara, Donostiako metroak 4,2 kilometro egingo ditu lurpetik, eta horietatik 2,8 kilometroko tunela zulatuta zegoela azaldu zuten.
Martxoak 31: Langile batek ezbeharra izan zuen metroaren obretan. Maiatzaren 5ean BERRIAk argitaratutakoaren arabera, ez zuten lana eteteko agindua bete. COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek ziotenez, martxoaren 30etik apirilaren 9ra funtsezko lanak besterik ezin ziren egin, baina informazio horrek zioen langileak atzeratutako lanak aurreratzen aritu zirela.
Ekainak 5: Metroko lanek zulo bat sortu zuten Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan. Donostiako Udalak esan zuen «istripu teknikoa» izan zela. Ordutik geldituta daude Kontxa inguruko zulaketa lanak.
Irailak 25: Easo plazaren eta Mirakontxa pasealekuaren arteko zulaketa lanak geldituko zituztela adierazi zuen ETSk. Uraren eta hondarraren presentziak asko handituko zuenez gero aurreikusitako aurrekontua, esan zuten bertan behera utziko zutela adjudikazioa.
Urriak 7: Arriola sailburua metroko lanak ikustera joan zen, eta azaldu zuen bazitekeela Mirakontxa eta Easo arteko lanen kostua %50-70 artean garestitzea. Esan zuenez, Donostiako metroa martxan jarriko da 2024an, aurreikusi baino bi urte geroago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.