Albistea entzun

Euskararen Nazioarteko Eguna

Helduak, haurren ispilu

Euskal Herriko 80tik gora herritan ari dira egiten 'Haurren haurrean helduak heldu' aktibazio ariketa. Haurren erreferente diren helduen hizkuntza praktiketan eragitea nahi du, euskararen erabileran aurrera egiteko.
<em>Haurren aurrean helduak heldu</em> ariketari lotuta Elgoibarren egindako jardueretako bat.
Haurren aurrean helduak heldu ariketari lotuta Elgoibarren egindako jardueretako bat. ELGOIBARKO IZARRA Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2021eko abenduak 3

Azken txanpan sartzear da Euskaltzaleen Topaguneak herrietako eragileekin batera antolatutako Haurren aurrean helduak heldu aktibazio ariketa. Lehen aldia du aurtengoa, eta 12 urte arteko haurren zuzeneko heldu erreferenteetan eragin nahi du; hau da, guraso, hezitzaile, zaintzaile, senide eta lagunen hizkuntza praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio egitasmo bat da. Hiru portaera indartu nahi dituzte antolatzaileek: solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egitea; lehen hitzak euskaraz egitea beti —baita ezezagunekin ere—, eta euskaraz hitz egin ez baina ulertzeko gai direnekin euskarari eustea, elkarrizketa elebidunak sustatzeko xedez.

Euskararen erabileran aurrerapausoak emateko belaunaldi gazteek hizkuntza erabiltzea beharrezkoa dela gogoratu du Topaguneak, eta, horretarako, helduek «zeresana eta zeregina» badutela uste du. Izan ere, hizkuntza ez ezik, «hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak» ere barneratzen dituzte haurrek. «Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek», nabarmendu du.

Euskal Herri osoko 80tik gora herritan ari dira egiten Haurren aurrean helduak heldu ariketa. Etxabarriko (Bizkaia) eta Elgoibarko (Gipuzkoa) partaideekin hitz egin du BERRIAk.

ELGOIBAR

Paula Kasares soziolinguistaren hitzaldia izan da Elgoibarren antolatu dituzten jardueretako bat. «Hitzaldian esan zuen moduan, euskara indarberritu nahi bada, ez dago seinale hoberik umeak euskaraz entzutea baino», esan du Imanol Larrañaga Elgoibarko Izarra euskaltzaleen topaguneko langileak. Elgoibarko Izarrak eta herriko udalak, ikastolak, herri eskolak, haur eskolak eta ludotekak hartu dute egitasmoa Elgoibarrera ekartzeko eta jendarteratzeko ardura. «Umeen gurasoetan zentratu gara, batez ere».

Kasaresen hitzaldiaren laburpen bat prestatu dute gurasoen artean zabaltzeko. Horrez gain, ariketaren gaineko eskuorria ere sortu dute euskaraz eta gaztelaniaz, baita lepoan eta etxean jartzeko identifikagarriak ere. Azaroaren 22an egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta, Santa Zezilia eguna ere bazenez, euskara eta musika uztartuz atera ziren kalera umeak eta helduak. Jarduera gehiago ere egin dituzte, eta prest dute azken ekitaldia ere. «Gurasoak umeen aurrean jarri, eta hamabi konpromiso jasotzen dituen agiri bat sinatuko dute. Euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz prestatu dugu agiria, eta konpromiso horiek hartzera animatuko ditugu 0 eta 12 urte arteko umeen gurasoak».

2016ko erroldaren arabera, Elgoibarren, herritarren %85 dira euskaldunak edo ia euskaldunak. Soziolinguistika Klusterrak 2017an egindako kale neurketaren arabera, ordea, %37koa soilik da kale erabilera. Azterketa horren arabera, jolastokietan egiten da euskara gehien (%43), eta umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%55). Umeen atzetik helduak datoz (%32), eta gazteen (%25) eta adinekoen (%24,5) artean apalagoa da tasa. Haurrak eta helduak elkarrekin daudenean, berriz, %59k egiten dute euskaraz. «Datu politak dira, ariketa egiteko baldintza onak daude, baina arrosa honek ere badu bere arantzatxoa: helduak umerik gabe daudenean, %23k baino ez dute euskaraz egiten. Ondo dago umeei eta umeekin gaudenean euskaraz egitea, baina, gero, helduak bakarrik gaudenean, euskaraz dakigunon artean gaztelaniaz egiten badugu...», esan du Larrañagak.

Balorazioa egiteko goiz da oraindik, baina ariketak jendeari zer pentsatua behintzat eman diola uste du. «Eta, gure ustez, hori da horrelako egitasmoen egiteko nagusia: gaia bistaratu eta jendearen kontzientzietan eragitea. Gero, hizkuntza ohituraren bat edo beste aldatzea lortzen bada, oso ondo».

ETXEBARRI

Euskaraldiaren bueltan antolatutako herritar talde batek sustatu du Haurren aurrean helduak heldu egitasmoa Etxebarrin. Bi egunean behin antolatu dituzte jarduerak herriko parkeetan, gurasoak seme-alabekin euskaraz aritzera bultzatzeko. Lehenik eta behin, ordea, dokumentu bat prestatu dutela esan du antolatzaileetako bat den Ibon Lizarragak. «Parkeetako jolas arruntak ageri dira euskaraz, jolas horietarako abestiak gaur egunera ekarrita... Horrez gain, parkeetan erabili ohi diren ohiko esaldiak ere sartu ditugu: 'eskailerak igo', 'txirristatik jaitsi', 'lagundu' eta halakoak». Interneten jarri dute dokumentua, eta QR kode baten bidez kontsulta dezake nahi duenak.

Helburu orokor batzuk finkatu ditu Topaguneak Haurren aurrean helduak heldu ariketarako, baina tokian tokiko errealitatera egokitu beharreko egitasmoa da. «Etxebarri gune erdaldunean dagoen herri bat da, eta, horregatik, oinarrizko gauzetara joan gara».

Etxebarriren ezaugarrietako bat da asko handitu dela azken urteotan, inguruko herrietatik joan diren biztanleen eraginez. Familia berri horietako gehienak euskara ikasitakoak dira. Era berean, Etxebarriko gaur egungo aitona-amonetako asko bere garaian Espainiako probintzietatik etorri ziren, eta ez zuten euskaraz ikasi; bai, ordea, haien seme-alabek, eskolan. Oraindik ere euskaraz egiteko ohitura handirik ez dagoela dio Lizarragak. Alabaina, bilakaerari begiratuta, baikor dira herrian. Lizarraga bera sortzez ez da Etxebarrikoa, baina, han denbora gehiago daramatenek esaten diotenez, asko hobetu da euskararen egoera azken urteotan.

Abenduaren 5ean amaitu beharrean, gaur amaituko da egitasmoa Etxebarrin, jaiegunak datozenez hala erabaki baitzuten hasieratik. Amaierako ekitaldian kalejira bat egingo dute Zintururitik abiatuta, eta gero dantzaldia izango da herriko plazan, 18:30ean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi - Arantxa Iraola

Euskalgintzako eta kulturgintzako pertsona ezagunak batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak eta aldarrikatu dute euskara eta euskal kultura ardatz izan behar dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

Eusk Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek Euskararen Eguna ospatu dute Gasteizen ©Irekia

Euskararen alde adostasunak josteko aldarria, aho batez

Edurne Begiristain

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta hura ospatzeko ekitaldi eta adierazpen ugari egin dituzte instituzioek, alderdiek eta eragileek. Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateek duela 40 urte Euskararen Legeak lortutako adostasuna goratu dute. EH Bilduk esan du euskararen alde «adostasun berriak» eraikitzeko unea dela.

Euskal Hedabideen emankizuna, goizean, Baionan. ©Kanaldude

Euskalgintzaren prekaritateari aurre egitea «zaila» izanen da energiaren kariotze garaian, Kurutxarriren ustez

Oihana Teyseyre Koskarat

Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideek emankizun berezia egin dute goizean, Baionan. Euskaraldiaren biharamunean, bilana egin dute, eta euskalgintzaren prekaritatea ere izan dute aipagai.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.