Ahal Dugu-k ez du babestuko euskal naziotasuna estatuturako

Erredakzioa
Bilbo
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
PSE-EEk bezala, Ahal Dugu-k ere esan du ez duela babestuko euskal naziotasuna jasotzen duen estatuturik, hori eginda «herritar batzuk baztertzen» direlako. Alderdi horretako komunikazio idazkari Andeka Larreak Getxon (Bizkaia) eginiko ekitaldi batean azaldu du estatutuaren subjektu politikoa «herritarrek» osatu behar dutela, «eta ez nazioak».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berri baterako oinarriak adostu dituzte Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek —koalizio horretako kide da Ahal Dugu—, baina hirugarren talde horrek ez ditu babestu puntu guztiak. PSE-EEk eta PPk, berriz, zuzenketak aurkeztu dituzte.

Sozialistak ez daude ados estatutuan erabakitzeko eskubideajaso izanarekin eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren herritarrei euskal naziotasuna ere izateko aukera eskaintzearekin. Haien ustez, Espainiatik etorritakoek ez lituzkete eskubide berberak izango. Ahal Dugu-k bat egin du horrekin: «Ez dugu onartzen herritarren arteko bereizketa; herritar batzuek euskal naziotasuna izatea, eta beste batzuek, ez. Euskal herritar guztiek, hemen bizi direnek eta beste toki batzuetatik datozenek, aukera berberak izan behar dituzte».

EAJren politika instituzionalerako idazkari Koldo Mediavillak bere webgunean adierazi du ez direla egia PSE-EEren eta Ahal Dugu-ren azalpenak. Gezurtatu egin du orain arte adostutakoan bereizketarik egiten dela euskal herritarren eta espainiarren artean eskubideen alorrean. «[Proposamenean] Ez dago lehen eta bigarren mailako herritarrik, eta nazionalei ez zaie eskubide gehiago bermatzen espainiarrei baino». «Naziotasun bikoitza» izateko aukera eskaini nahi dela azpimarratu du, eta gogoratu du Espainiako Estatuak aukera hori ematen diela 24 herrialdetako herritarrei. Mediavillak salatu du alderdi horiek naziotasunaren gaia «aitzakia gisa» erabiltzen ari direla haien «betoak» justifikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.