Albistea entzun

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararentzako bi plaza erraldoi

Martxoaren 31n hasiko da Korrika, Amurrion, eta apirilaren 10ean amaituko da, Donostian; Euskaraldia, berriz, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean antolatuko dute.
2022ko Euskaraldiaren aurkezpena, Iruñean, aurtengo azaroan.
2022ko Euskaraldiaren aurkezpena, Iruñean, aurtengo azaroan. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2021eko abenduak 3

Alde batetik, Korrika; bestetik, Euskaraldia. Euskarari arnasa ematen dioten ekitaldi erraldoiak dira bata zein bestea, eta, oker handirik ezean, biak egingo dira 2022an. Jarrita daude dagoeneko datak: Amurrion (Araba) hasiko da 22. Korrika, martxoaren 31n, eta Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. Euskaraldia, berriz, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da.

«Tristura handiz» iragarri zuten joan den urtean AEK-ko ordezkariek ez zutela ikusten 2021ean Korrika egiteko baldintza egokirik, eta 2022rako uztea erabaki zutela. «Ez dugu Korrikaren ordezko eskas bat nahi», esan zuten orduan. Atzerapenaren berri eman zuten leku berean egin dute agerraldia aurtengo azaroan, Donostiako San Telmo museoan; oraingoan, ordea, egitasmoaren nondik norakoak jakinarazteko. Lelotzat Hitzekin izango du 2022ko Korrikak, «hitzetik ekintzara igaro beharra» aldarrikatu nahi dutelako, «nork bere tokitik eta eginbeharretik».

Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak aurkezpenean esandakoen arabera, Korrikak hasieratik izan dituen bi helburuak «oso bizirik» daude oraindik ere: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea da horietako bat; bestea, berriz, euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea.

Bi helburu horiei lotuta, AEK-n jakitun daude pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik eta askoren bizitzatik. «Beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea». Amurriotik irten eta Donostiara iritsi bitartean, 2.500 kilometro inguru egingo ditu lekukoak herriz herri. Urtarrilean emango dute ibilbidearen eta ordutegien gaineko informazio osatuagoa; lehenago, datozen egunotan, abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte.

Osasun egoerak aurtengo ekitaldia zenbateraino baldintza dezakeen galdetuta, antolatzaileek iragarri dute «ahalik eta modu ohikoenean» egiten saiatuko direla, baina aitortu dute «unean uneko eta tokian tokiko egoeretara moldatu» beharko dutela.

Hizkuntza ohiturak aldatzen

Aurkeztu berri dute datorren urtean egingo den Euskaraldia ere. Hirugarren aldia izango du, eta Hitzez ekiteko garaia aukeratu dute lelotzat antolatzaileek. Hizkuntza ohiturak aldatzea izango da helburu nagusia. Korrika ez bezala, iaz mantendu egin zuten Euskaraldia, eta, Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariaren esanetan, «sekulakoa» izan zen pandemiaren baldintzetan ekitaldia aurrera ateratzea. Ia 180.000 pertsonak parte hartu zuten, %77k ahobizi modura eta %23k belarriprest modura. Ariguneak izan ziren aurreko ekitaldiko berrikuntza nagusia, euskaraz modu naturalean aritzeko guneak. Hurrengo ekitaldian horiek finkatzea nahi dute antolatzaileek. Ahobizi eta belarriprest figurak ere mantenduko dituzte.

«Kalea berreskuratzea» garrantzitsutzat jo zuen Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak aurkezpenean. «Azken urte eta erdi honetan gizarteak jasan duen kolpeari buelta eman behar diogu, eta datorren urtean horretarako tresnak izango ditugu. Inoiz baino beharrezkoago da hitzez, ekinez kalea irabaztea».

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Erakundeetako kontseilariak, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariordeak hartu zuten parte aurkezpenean.«Argazki honetan ageri den elkarlana, indar metaketa eta aukera oso-oso gutxitan izan dugu herri honetan, eta hori aprobetxatzen jakin behar dugu, ditugun erronkak sekulakoak baitira», esan zuen Amonarrizek.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi - Arantxa Iraola

Euskalgintzako eta kulturgintzako pertsona ezagunak batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak eta aldarrikatu dute euskara eta euskal kultura ardatz izan behar dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

 ©Gorka Rubio

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Julen Aperribai

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

Euskalgintzaren prekaritateari aurre egitea «zaila» izanen da energiaren kariotze garaian, Kurutxarriren ustez

Oihana Teyseyre Koskarat

Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideek emankizun berezia egin dute goizean, Baionan. Euskaraldiaren biharamunean, bilana egin dute, eta euskalgintzaren prekaritatea ere izan dute aipagai.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...