Annan konponbide prozesuaren «aliatutzat» jo dute euskal eragileek

Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako bat izan zen diplomazialaria. Bake prozesuan izan zuen «engaiamendua» txalotu dute
Annan —laugarrena ezkerretik— Aieteko konferentzian, 2011ko urrian.
Annan —laugarrena ezkerretik— Aieteko konferentzian, 2011ko urrian. J. E. / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 19

Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izandakoaren heriotzagatik samina adierazi dute euskal eragile ugarik. Izan ere, euskal gatazkaren konponbide prozesuak bidelagun izan du Annan. 2011ko urrian, Aieteko jauregian eginiko konferentzian hartu zuen parte, eta bertan plazaratutako adierazpenaren sinatzaileetako bat da. Zazpi urte geroago, ETA desegin eta biharamunean, ez zen Kanboko (Lapurdi) konferentzian izan, baina sare sozialen bidez adierazi zion babesa, azpimarratuz «elkarrizketa politikoa giltzarri» dela «bake iraunkorra» lortzeko.

Eusko Jaurlaritza eta Euskal Elkargoa izan dira Annanen jarduna goraipatu dutenetako batzuk. Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk mezu bat zabaldu du sare sozialetan; bertan, gogorarazi du Aieteko konferentzian ezagutu zutela elkar, eta goretsi egin du «ETAren terrorismoa behin betiko amaitu zedin» eginiko ekarpena: «Eskerrik asko Kofi Annan jauna, zure bake bideari jarraipena emango diogu mundu zabalean. Goian bego». Euskal Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegaraik ere sare sozialetan goretsi du: «Euskal Herriko bake prozesuaren sustatzaile Kofi Annan hil da. Omena bake gizon honi. Haren bizia adibide izan dadila».

Bake Bideak txalotu egin du Annanek euskal gatazkaren konponbidean izandako «engaiamendua», eta goretsi «konponbide demokratikoan sinesteko kuraia eta ausardia» izan zuela. Foro Sozialak, berriz, nabarmendu du euskal erakundeek eta gizarteak bake prozesurako «aliatu bat» galdu dutela: «Euskal Herriko bake prozesuan aurrera egitea askoz zailagoa izango litzateke Kofi Anannen eta nazioarteko komunitateko beste pertsona esanguratsuen laguntzarik izan gabe». Esker onez mintzatu da Sortu ere. Samina adierazi du heriotzagatik: «Ugariak izan baziren ere Espainiako Estatuaren eta botereen presioak, inoiz ez zuen bere iritzia aldatu. Annan Jauna beti agertu zen konponbide elkarrizketatuaren alde, bai Euskal Herrian eta berriki baita Katalunian ere, hala nola mundu osoan barrena, azken urte hauetan The Elders taldearen baitan». Izan ere, Kataluniako auzian elkarrizketarako deia egin zuen Annanek urrian.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

324 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Kasuen beherakada orokorra izan da herrialde guztietan: Araban 44 kasu detektatu dituzte (-31); Bizkaian, 180 (-31); Gipuzkoan, 35 (-29); eta Nafarroan, 59 (-87). Nafarroako Gobernuak ez du neurri orokorrik ezarriko oraingoz. «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan, artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Donostiako zahar etxe bateko egoiliar batek positibo eman du

Berria

Zahar etxe bereko bi langile ere kutsaturik daude.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Agerraldi bat detektatu dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

30 positibo atzeman dituzte; gehienak, laborarien artean.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea, artxiboko irudi batean. ©ALEXEI DRUZHININ / KREMLIN POOL / EFE

Errusiak COVID-19aren aurkako lehen txertoa erregistratu du

Munia El Marhoum Iruretagoiena

Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du «immunitate egonkorra» lortzeko modua ematen duela, baina Osasunaren Mundu Erakundeak arretaz hartu du albistea. Munduko kutsatu kopuruak hogei milioiren langa gainditu du gaur.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna