«Fikzio batean segitzen dugu aldebikotasunaz hitz egiten»

xabier martin
Donostian
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Lakuntzak esan du aberastasuna orekatzeko borondaterik eza islatzen dela Jaurlaritzaren aurrekontuetan, eta gogor deitoratu du Elkarrekin Podemosen jarrera.

Elkarrekin Podemosen babesarekin onartuko ditu Jaurlaritzak aurrekontuak. Ez dira hain eskuindarrak izango, ala?

Izango dira iazkoak bezala, ez dagoelako aldaketarik. Kopurutxo bat eman diete negoziatzeko, eta kito. Asaldatuta gaude Podemosen jarrerarekin. Tragikoa da: zer aldatu da gehiago, aurrekontuak ala Podemos? Podemosen estrategia aldatu da, ez aurrekontuak. Oker dabiltza pentsatzen badute beren proiektua indartuko duela moderazio esaten dioten horrek; alegia, eskuinera hurbilduta. Justu kontrakoa gertatuko zaie. Bide hori egina dute Europan sozialdemokraziek eta alderdi komunistek, eta ia desagertu egin dira.

Elkarrekin Podemos gako izan daiteke ere estatus berriari begira akordioa egon dadin.

Estatus berri horrek erabakitzeko eskubidea nola jasoko duen da gakoa hemen. Hasteko, eztabaida hori martxan jarri dute oinarrizko diagnosi bat egin gabe. Ez dira egia esaten ari. Katalunian, orain estrategia desberdinak egonda ere, egia kontatu zioten herriari, erasoaren neurria zein zen. Hemen, fikzio batean segitzen dugu. Aldebikotasunaz hitz egiten digute, eta jasan duzun erasoa ezkutatu. Estatutuan hitzartu zena ez da bete, eta, gainera, hustu egin dituzte beste esparru batzuk. Eska daitekeen gutxienekoa da egia kontatzen hastea, gogoeta zintzo bat egitea.

EAJ esaten ari da, ordea, arrisku handia dagoela birzentralizazio prozesu baterako.

Baina ez du esaten orain arte hustu denaren maila zein den, autogobernua zenbat murriztu den, eta fikzioari eusten dio, besteak beste, ez dituelako bere aliantza politikoak aldatu nahi.

Estatus berriak autodeterminazio eskubidea jasotzearen alde dago ELA?

Bai, jakina. Hori eskatzen ari gara, baina horra iritsi aurretik hausnarketa zintzo bat nahi dugu egoeraz. Eta beste kontu bat da zer-nolako parte hartzearekin egiten ari diren prozesua, zein neurrian parte hartzen ote duen gizarteak.

Alderdi politikoek lortu duten ordezkaritza demokratikoak izendatutakoak ari dira prozesuan, ezta?

Bai, baina gizarte zibiletik urrun dauden esparruetan. Alderdiek konplizitateak bila ditzakete beste eragileen artean, eta ez dira egiten ari.

Sindikatuek ere zeresana badutela esan nahi duzu?

Ez bakarrik sindikatuek. Lan eremuan gertatu da birzentralizaio prozesuaren erasorik handiena: Oinarrizko legeak, gastu sabaia, hezkuntza, estatalizazioa, gizarte segurantza... Bai, badugu zer esanik estatus berriari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.