Emilio de la Rua. Itsas Foroko aholkularia

«Euskal industria ondo kokatuta dago 'offshore' erronkari aurre egiteko»

Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Baikortasun kutsua erabili zuen ostegunean Emilio de la Rua Euskal Herriko Itsas Foroko nazioarteko aholkulariak. Itsasoko egitura eolikoen sektorea bogan dagoelako, eta euskal enpresek bertan muturra sartu ahal izateko gaitasuna dutelako. Horretarako, baina, ausardia eta dibertsifikaziorako gaitasuna eskatu zuen.

Offshore eolikoa erronka ala aukera da bertako enpresentzat?

Erronka bat da, noski, baina baita aukera bat ere. Hemen badakigu zer den itsas sektorearekin lan egitea, horretan baikabiltza mendeetan. Horregatik, offshore-ak dakarren erronkari heltzeko gaitasuna badaukagu. Gainera, hemengo enpresek ez dute zertan konpainia handiekin lan egin, balio kate handia baitaukagu, eta denetarik egiten duten enpresak dauzkagu. Gakoa beldurra galtzean etadibertsifikatzean dago. Ildo hori landu behar da.

Euskal enpresak nola ikusten dituzu?

Apurka gauzak egiten ari dira. Offshore eolikoentzat piezak egiten ari dira, trantsizioko piezak, dorreak... Eta batzuk enpresa handiekin ari dira lanean. Horrek guztiak dakarrena positiboa izan daiteke gainerako enpresentzat. Euskal industria ondo egonkortuta ikusten dut offshore erronkari aurre egiteko.

Ontziolek zer etorkizun eduki dezakete?

Navalek kableontzi zoragarri bat egin zuen, esaterako, eta espero dugu egiten jarraitu ahal izango dutela euren arazoak konpondu ostean, eta Zamakonak ere zerbitzuetako ontziak egin ditu. Itsasontzien kontua oraindik ez dago behar bezala zehaztuta. Zergatik diodan hori? 300.000 kiloko piezak garraiatzen ari dira egun, baina are gehiago garatuko dira. Duela bost urte, 5 megawatt sortzeko gaitasuna zuten dorreak egiten ziren, eta, orain, 10 megawatteko gaitasuna dutenak aipatzen dituzte. Itsasontzi askoren zerbitzua behar da offshore eolikoan, eta horiek hemen egin daitezke.

Navalek aukerarik badauka?

Lanean dagoenean, bai noski.

Aurreikuspenik baduzue?

Halakorik ezin dut esan, baina arazo guztiak konponduta oso baliagarria izango litzateke. Oro har, hemengo ontziolek duten teknologia oso ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.