Txurro denda batek su hartu du Azkoitian, eta bi pertsona hil dira barruan

Herriz herri dabilen saltoki horrek ez zeraman denbora askorik Azkoitian. Denda itxita zegoen sua piztu denean, eta goitik behera kiskali da

Txurro denda, erabat kiskaltzen, eta suhiltzaileak, berriz, garrak amatatzeko lanetan. ANDONI ELDUAIEN / MAXIXATZEN.
xabier martin
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun

Lan istripu hilgarrien urte hasiera beltza are beltzago bihurtu zen atzo, Azkoitian (Gipuzkoa) zendutako bi beharginak lanean hildakoen zerrendan sartu behar izan direnez. Hain zuzen ere, herriko elizaren atarian jarritako txurro dendak su hartu zuen 18:00 aldera, eta erabat kiskali zen. Itxita zegoen ordu horretan, baina barruan ziren bi pertsona: emakume bat eta gizon bat, gazteak biak. Horrela baieztatu zuen Ertzaintzak, eta ikerketa zabaldu zuen, sutea zerk eragin zuen argitzeko.

Txurro denda hori herriz herri ibiltzen zen, eta ez zen denbora asko Azkoitian zela. Saltokia erabat erre zen, eta suak gar eta ke handiak eragin zituen, urrutitik ikusteko modukoak. Sutea itzaltzea lortu zutenean ikusi ahal izan zuten barruan bi pertsona zeudela; garrek harrapatuta hil ziren, kiskalita.

Lekuko batzuen arabera, sua pizterako eztanda txiki bat izan zen txurrodendaren barruan, butano bonbona bat edo tankerako zerbait lehertu izan balitz bezala. Azpeitiko suhiltzaileak, Ertzaintza eta Azkoitiko Udaltzaingoa bertaratu ziren ezbeharrera, eta ingurua babestu zuten, lehen-lehenik. Ertzaintzak azaldu zuenez, txurro denda ondoan hainbat butano bonbona zeuden, eta horiek ingurutik kendu zituzten leherketa gehiago eragozteko. Dena den, leherketa txiki batzuk gertatu ziren sute handiaren ondorioz.

Hamasei langile hil dira

Maxixatzen Azkoitiko aldizkariak kaleratutakoaren arabera, hainbat babes neurri hartu zituzten sua itzali aurretik, eta baita ondoren ere; adibidez, Ibaiondo kalea erabat itxi zuten.

2020. urtea negargarri hasi da laneko istripuetan hildako kopuruari erreparatuta. Atzo zendutako biekin, hamasei dira jadanik beharrean hildako pertsonak, urte hasiera honetan. Murgako (Aiara, Araba) Zorroza birziklatze enpresan hil zen azkena, otsailaren 24an. Azaldu ez dituzten arrazoien ondorioz, lau metrotik behera erori zen. 30 urteko gizonezkoa zen, Senegalen jaioa, eta ez zeraman denbora asko enpresan lanean.

Sindikatu abertzaleek daramaten kontaketan Euskal Herrian hamasei dira jada lanean ari zirela hildakoak, eta horiei beste bi gehitu beharko zaizkie, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertuta baitaude oraindik Zaldibarko zabortegian luizia izan zenetik. Iazko lehen bi hilabeteetan zortzi lagun hil ziren lanean ari zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.