Albistea entzun

Euskararen Nazioarteko Eguna

30 urte udalerriak eta udalak euskalduntzen

Hiru hamarkada bete ditu aurten Uemak. Udalak euskalduntzeko sortu zen, eta horretan jarraitzen du, baina udal horietako herritarrak sentsibilizatu eta ahalduntzea ere bada gaur egun haren beste lan ildo nagusietako bat.
Uemaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia, maiatzean.
Uemaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia, maiatzean. M. ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2021eko abenduak 3

Euskaraz bizi ziren udalerriak izanik, udalek ere euskaraz funtzionatzea nahi zutela jabetuta, hemeretzi udalen artean sortu zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema), duela 30 urte. Urtez urte joan da handituz, eta 94 udalerri batuko ditu 2021a amaitzerako. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira, baina ezaugarri bat bera dute guztiek: haien biztanleen %70 baino gehiago dira euskaldunak. Alabaina, Iraitz Lazkano mankomunitateko lehendakariak esan du erabilera dela gaur egun duten kezka nagusia.

Asko zegoen egiteko Uema sortu zen garai hartan, eta inprimakiak, aktak, txostenak, kartelak, errotuluak, irudiak eta abar euskaraz eskaintzeari ekin zion. Lazkanok azaldu duenez, udalek kanpoko eragileekin izaten dituzte eragozpen nagusiak euskaraz funtzionatzeko: hornitzaileekiko harremana eta komunikazioa euskaraz izan dadin, udalarekin harremana duten gainerako erakunde, elkarte eta eragileek euskara lehenetsi dezaten... «Uemako kide izateko, udal osoko bilkuran ezinbestean gehiengoz hartu behar izaten da erabakia. Beraz, udalaren borondate politikoa agerikoa izaten da».

Lanak berezkoak dituenak ez ezik, izan dituzte bestelako zailtasunak ere. 1995ean, esate baterako, Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zituen Uemaren estatutuak, eta egokitu egin behar izan zituen. «Baina udalerri euskaldunetatik euskaraz bizi garela erakusten eta bidea egiten jarraitu dugu, eskubide osoz».

Udalak euskalduntzeko zeregina bazter utzi gabe, beste behar batzuk ikusten ere joan dira hiru hamarkada hauetan. «Erabilera datuei eta egoera soziolinguistikoari begiratuz gero, udalerririk euskaldunenak erdalduntzen ari zirela ohartu ginen». Horregatik, udalerriak euskaldundu nahian ere ari dira azken urteotan, ahalegin berezia eginez herritar euskaldunen kontzientziazioan eta ahalduntzean. «Azken batean, euskaldunak izan arren, inertziaz baikara euskaldunak, askotan ez kontzienteki, eta horrek berekin dakar hizkuntza edonoiz naturalki aldatzea».

Hori ikusirik, Lazkanoren esanetan, herritarrek argi izan behar dute euskara zergatik den bigarren mailako hizkuntza alor askotan, eta zergatik ez dituen inguruko erdara handiek dituzten erraztasunak edo egiturazko baliabideak. «Inertziatik kontzientziarako saltoa ematea giltzarria dela ikusi genuen, eta horretan ahalegin handia ari gara egiten».

Arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren garrantzia eskolaz eskola lantzen du Uemak, eta herritarrentzat ere zenbait saio eta tailer ditu. Horrez gain, bisitari gehien hartzen duten herrietan, zerbitzuen sektorean ere ahalegin berezia ari da egiten. «Izan ere, bisitarien aitzakian sumatu izan dugu erdarak lehenesteko joera, eta, horrelakoak iraultzeko, ezinbestekoa da baliabideak eskaintzea arduradunak kontzientziatzeko eta sektorea euskalduntzeko».

Alde horretatik, Lazkanok esan du kontuan hartzekoa dela beste ideia bat ere: «Hizkuntza politika ez da egiten euskara sailetatik soilik; areago, eragin handiagoa dute hizkuntzan hirigintza eta turismo arloetan hartutako erabakiek».

Zaintza eta garapena

Udalerri euskaldunen zaintza eta garapena ere lantzen ditu mankomunitateak. Zaintzaz ari direnean zeri buruz ari diren azaltzeko, adibide bat eman du Lazkanok. «Duela urte batzuk, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa izeneko tresna sortu genuen, eta, Udal Legeari esker, gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezinbestekoa da aztertzea zer eragin linguistiko izango duen hirigintza edo turismo proiektu batek udalerrian».

Garapenari dagokionez, berriz, udalerri euskaldunei bizirik eusteko udalerri horiek «benetan garatu» behar direla dio Lazkanok. «Alferrik izango dira hizkuntza politika ausartenak udalerriak husten badira». Horregatik, hainbat eragilerekin elkarlanean, udalerri euskaldunak garatzeko bide orria zehaztu zuen Uemak duela bizpahiru urte. Uemaren arabera, euskararen indizea %70etik gorakoa den 160 udalerri daude Hego Euskal Herrian barrena. «Lanean jarraituko dugu horiek guztiak Uemako kide izan daitezen».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Mintzodromo bat, San Telmo museoan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Aniztasunerako zubigintza

Iraia Vieira Gil

Euskaraz ez dakitenak erakartzeko jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Euskarak sortzen dituen barne eta kanpo gatazkak izan dituzte hizpide.
Idurre Eskisabel, atzean Euskalgintzaren Kontseiluaren logoa duela. ©EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Idurre Eskisabel izango da Kontseiluko idazkari nagusia

Julen Aperribai

Paul Bilbaok hamabi urte eman ditu kargu horretan, eta hura ordezkatuko du Eskisabelek gaur zortzi, Durangon. Euskararen auzia «gizartearen lehentasun» bihurtzea eta aliantzak sendotzea jarri ditu helburu

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

'Baietz da baietz' legearen aurretiko kondenei eutsiko diete Nafarroan

Ion Orzaiz

Nafarroako Auzitegiak ez du murriztuko zigorra, hura lege berriaren parametroetan sartzen bada. Gipuzkoako Auzitegiak etzi ebatziko du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Miren Garate

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...