Albistea entzun

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskara zabalduz munduan barrena

Etxepare Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programaren bidez, 80 euskal etxe ingurutan emango dituzte euskara ikastaroak aurten. Argentina da eskaintza zabalena duen herrialdea. Jatorria ere han du programak.
Diasporan euskara irakasle ariko direnei egindako harrera.
Diasporan euskara irakasle ariko direnei egindako harrera. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2021eko abenduak 3

Argentinan du jatorria Euskara Munduan programak. 1990ean, herrialdeko euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz, Argentinan Euskaraz egitasmoan sortu zuten. Urte batzuk geroago, programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxeetara zabaldu zen, Euskara Munduan izenarekin. 2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen du programa.

Haren arduradunek emandako datuen arabera, 28 hitzarmen sinatu dituzte aurtengo ikasturterako: 25 euskal etxerekin eta hiru federaziorekin. Hala, guztira 80 euskal etxe ingurutan emango dira euskara ikastaroak. Horietatik 30 inguru Argentinan daude. Gainera, Buenos Airesko eskola batean, Colegio Euskal Echea izenekoan, euskara curriculumeko gaia ere bada. Bi egoitza ditu, eta 1.800 ikasle inguru Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.

Atzerrian euskara irakasten dutenetako bi dira Gabi Mendia eta Patrick Urruti.

GABI MENDIA

Euskara irakaslea Argentinan

«Euskal bizipenera hurbildu nahi izaten dute ikasleek»

XIX. eta XX. mendeetan euskaraz aritzen ziren euskal etxeetan eta familietan, baina, bertakotu nahian eta migrazioen murrizketaren ondorioz, galduz joan ziren «euskara irakasle naturalak». Halakorik ez zuten nahi euskal etxeek, eta euskara berreskuratzeko laguntza eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Irakasleak trebatzeko aukera eskaini zien hark. 1990ean egin zen lehenengo barnetegia, Macachinen —Argentina erdialdea—. Argentinako hainbat herritako 30 irakaslegai elkartu ziren han, Euskal Herritik joandako bi irakaslerekin. Irakaslegai horietako bat zen Gabi Mendia. «Ikasi edo ikasi, ez zegoen besterik. Egunean bederatzi klase ordu ere ematen genituen. Urtarrilean nor zara zu? ikasten hasi, eta martxoan, etxera bueltatu eta irakasten hasi behar», oroitu du. Hamabik amaitu zuten barnetegia.

Gaur egun, Buenos Airesko Euskal Echea eskolako irakaslea da, eta Euskara eta Euskal Kultura ikasgaia ematen die haur eta gaztetxoei. Txileko hamabi ikaslek osatutako talde bat ere kudeatzen du, online. Lehen maila ari dira egiten. «Batzuek euskal arbasoak dituzte, beste batzuk Euskal Herrian jaio edo bizi izan dira, eta beste batzuek euskal jendea, euskal musika edo Euskal Herria atsegin dute». Urtean bitan, urtarrileko eta uztaileko barnetegietan, irakasleen trebakuntzan ere hartzen du parte. «Momentu honetan 27 dira B1 mailan trebatzen. Haien motibazioa oso sendoa, sutsua eta kutsakorra da».

Euskara Munduan programako edukiak landu ohi dituztela azaldu du Mendiak, talde bakoitzaren ezaugarrietara moldatuta. Euskarak ez ezik, euskal kulturak ere pisu handia hartzen du eskoletan. «Euskal bizipenera hurbildu nahi izaten dute ikasleek. Familian, euskal etxeko lagunartean, abestietan, Euskal Herriarekiko maitasunean eta abar aurkitu ohi dute motibazioa».

Euskara atzerrian irakasteak hainbat berezitasun dituela kontatu du: herrietan ez da jende asko egoten euskara ikasteko prest, eta, ondorioz, eginahal handia egin behar izaten da bidean inor ez uzteko; hizkuntza guztiek bezala euskara ikasteak ere denbora, jarraipen orekatua, praktika eta parte hartzea behar du, eta ikasleek askotan ezin izaten diote halakorik eskaini; isolamendua, ikasleek ez badute euskaraz dakien inor hurbil...

Ikasle gehienek izaten dute Euskal Herrira etortzeko nahia: «Desioa, grina, ametsa... Uste dut aukera izanez gero, denak joango liratekeela. Baina oso garestia da guretzat. Garai batzuetan beste batzuetan baino eskurago dugu, orduan taldeko bidaiak ere antolatzea lortzen dute!».

PATRICK URRUTI

Euskara irakaslea Bordelen

«Urtero izaten dira Euskal Herriarekin loturarik ez duten ikasleak»

Matematika irakaslea da ogibidez Patrick Urruti, eta duela hamar urtetik irakasten du euskara Bordeleko (Okzitania) euskal etxean, borondatez. Hamar laguneko talde bat du. Horrez gain, hiriko gau eskolako arduraduna da, eta izen emateez eta abarrez arduratzen da. «70 ikasle inguru izaten ditugu urtero. Badira hasiberrien bi talde, eta hortik aurrera, maila guztiak, B2 arte».

Urrutiren esanetan, ikasleek jakiten dute euskara hizkuntza berezia dela, eta sortzen dien jakin-minak bultzatuta joan ohi dira euskara ikastaroetara. «Ikasleek badituzte bi ordu astero, eta orotara 30-32 aste ikasturtean. Horrek esan nahi du ez dela aski euskara ikasteko, baina aski da kontaktua mantentzeko euskararekin eta lehen esperientzia bat egiteko».

Etxepare Institutuaren Euskara Munduan programa lantzen dute. Horrez gain, euskal kulturaren inguruko hainbat ekitaldi antolatzen dituzte. Euskararen Egunean, adibidez, urtero egiten dute zerbait, eta Korrika tokatzen den urtean, festa txiki bat antolatu ohi dute Bordelen bertan. «Eta kilometro bat ere erreserbatzen dugu benetako Korrikan. Gure euskal etxea ez da urrun Euskal Herritik, eta badugu aukera joan-etorria egiteko asteburuan edo egunean bertan».

Ikasleek euskara ikasteko dituzten motibazioei dagokienez, era guztietakoak izan ohi direla esan du Urrutik. «Urtero izaten ditugu Euskal Herriarekin loturarik ez duten ikasleak». Hizkuntzekiko interesa dutenak izan ohi dira horiek, hainbat hizkuntza dakizkitenak eta beste bat ezagutu nahi dutenak.

Hala ere, ikasle gehienek Euskal Herriarekin harremana dutela kontatu du. «Adibidez, Euskal Herrikoak izaten dira batzuk jatorriz, eta erretreta hartzean erabakitzen dute euskara ikastea, berriro lotura bat sortzeko sorterriarekin. Beste ikasle batzuk Bordelekoak dira, eta Euskal Herria ezagutzen dute, gehienetan Ipar Euskal Herria, oporrengatik, eta interesa pizten zaie esaldi batzuk behintzat ikasteko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Mintzodromo bat, San Telmo museoan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Aniztasunerako zubigintza

Iraia Vieira Gil

Euskaraz ez dakitenak erakartzeko jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Euskarak sortzen dituen barne eta kanpo gatazkak izan dituzte hizpide.
Idurre Eskisabel, atzean Euskalgintzaren Kontseiluaren logoa duela. ©EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Idurre Eskisabel izango da Kontseiluko idazkari nagusia

Julen Aperribai

Paul Bilbaok hamabi urte eman ditu kargu horretan, eta hura ordezkatuko du Eskisabelek gaur zortzi, Durangon. Euskararen auzia «gizartearen lehentasun» bihurtzea eta aliantzak sendotzea jarri ditu helburu

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

'Baietz da baietz' legearen aurretiko kondenei eutsiko diete Nafarroan

Ion Orzaiz

Nafarroako Auzitegiak ez du murriztuko zigorra, hura lege berriaren parametroetan sartzen bada. Gipuzkoako Auzitegiak etzi ebatziko du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.