Sanferminak Iruñean

Hilko dituzten zezenen azalean jarri dira, protestan

Urtero bezala, Peta eta Anima Naturalis taldeko kideek protesta egin dute Iruñean. Plazan hilko dituzten 54 zezenak irudikatu dituzte

Peta eta Anima Naturalis taldeko kideak performancea egiten, atzo, Iruñeko Udaletxe plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Krimenaren gertalekua. Hori zirudien atzo goizean Iruñeko Udaletxearen plazak: 54 zezenen hilketaren ondorengo agertokia. Anima naturalis eta Peta taldeek deituta, ehunka lagunek zezenketen aurkako protesta egin zuten, sanferminen atarian. Performance baten bitartez irudikatu zituzten jaietan zezen plazan hilko dituzten zezenak: Krudelkeria hitza idatzita zuen zinta baten barruan jarri ziren, erdi biluzik, bizkarrean zezenei plazan sartzen dizkieten banderillen antzekoak zituztela. Lurrean, zezenen gorpuen siluetak marraztu zituzten, zuriz. Ingeles hutsez Zezenek hilketa odoltsu bat dute Iruñean zioen pankarta bat ere zabaldu zuten.

Gaurtik hasita eta heldu den igandera arte, 54 zezen hilko dituzte Iruñean, «torturaturik». Hori salatu zuten atzo. «Guk, geure gorputzekin, arte gisa saltzen duten krimenaren gertalekua irudikatu dugu», adierazi zuen Yasmina Morenok, protestan zirenen izenean. «Jar zaitezte urtero festatzat jotzen diren horietan hiltzen dituzten zezen guztien azalean», eskatu zuen. Gogorarazi zuen, halaber, gaur egun zezenketak zortzi herrialdetan baino ez direla legezkoak.

Tokikoak eta kanpokoak

Jana Uriz Anima Naturaliseko Nafarroako koordinatzaileak esan zuenez, haien xedea «zezenketak eta entzierroak kentzea» da, baina orain lortu nahi dutena da zezenketak deuseztatzea.

Performancea egin zutenen artean euskal herritarrak zeuden, baina baita kanpoko batzuk ere. Christina Thamm, adibidez, Danimarkatik joan zen Iruñera, ekintzan parte hatzeko. «Bihotza erdiratzen zait ikustean zezenak torturatzen eta hiltzen dituztela inolako beharrik gabe», adierazi zuen. Protestara joan zirenen artean ere, iruindarrak ez ezik, kanpotik espresuki etorritako lagunak zeuden. Horietako bi ziren Iciar Antoñanzas eta Pablo Vasquez: Madrildik eta Gasteiztik joan ziren mobilizaziora. «Arazoa da askok ez dutela iritzirik ematen: ez omen daude zezenketen alde, baina plazara doaz, giroarengatik», salatu zuen Antoñanzasek. Urratsak egiten ari dira, baina azpimarratu zuten eztabaida kalera eraman behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.