Sanferminak Iruñean. Pamplonesaren 100. urteurrena. Iñigo Aldunate. Pamplonesako musikaria

«Gurekin, jendeak modu ezberdinean bizi ditu sanferminak»

Iruñea
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Iñigo Aldunate (Iruñea, 1975), oibartarra da, eta Pamplonesaren 75. urteurrenean hasi zen bandan, bonbardino jotzaile.

Zer dira sanferminak zuretzat?

Ikasturtea amaitzeko modu berezi, gogor eta ederra. Irakaslea naiz, eta lankide gehienek ekainean amaitzen dute kurtsoa; nik uztailaren 14ra arte luzatzen dut.

Zer lirateke sanferminak Pamplonesa gabe?

Jendeari galdetu beharko litzaioke hori. Bandaren barnetik, nabaritzen da jendea gurekin dagoela, eta berea bezala sentitzen gaituela. Gurekin, jendeak modu ezberdinez bizi ditu sanferminak.

Pamplonesarekin bizitzen duzun momenturik bereziena?

Txupinazoa. Alaitasuna nabaritzen da. Jendea saltoka, ondorengo kalejira... Urte osoan ez dago Iruñean halako girorik.

Nolakoa da jaietan jendearekin sortzen den harremana?

Badira beti gurekin etortzen direnak; berezia da nola urtetik urtera aurpegi berberak dauden. Eta pentsa: dianetan adibidez, mozkor batzuk egoten dira, denak ez dira Iruñekoak... Hala ere, asko zaintzen gaituzte.

Momentu berezirik?

Oso ongi pasatu izan dut zezen plazan, eguzkitan, eguerdian jaia peñekin hasten den egunetan.

Txoko bat?

Jarauta kaleko peñen giroa.

Zer gehitu eta zer kenduko zenieke jaiei?

Egun bat kenduko nieke. Eta gehitu...Jendeak sortzen du kaleko giroa; sanferminak joango dira gauzak gehitzen, baina jendeak egingo du hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.